Ahotsak, bakea eraikitzen iragana kritikoki aztertuz

24 May, 2016

Hiru euskal unibertsitateek ikus-entzunezko baliabideetan oinarritutako ekimen bat garatu dute 20-24 urte bitarteko gazteekin.

Iazko urria eta abendua artean, UPV/EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko 300 gaztek parte hartu zuten Ahotsak esperientzia pilotuan. Proiektu horrek helburutzat dauka gogoeta eta eztabaida sakona ahalbidetzea azken hamarkadetan Euskadin bizi izan dugun terrorismoari eta giza eskubideen urraketari buruz. Proposamenak ikus-entzunezko materialak hartzen ditu abiapuntu gisa, indarkeriaren eta bere ondorioen analisi kritikoa egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak bultzatutako proiektu bat da, eta helburutzat du giza eskubideekiko konpromisoa indartzea euskal gazteen artean. Horretarako, ikus-entzunezko 12 eduki aukeratu ziren (dokumentalak eta filmak) eta gida bat egin zuten horietako bakoitzarentzat, eztabaida bideratzeko galderekin. Material horiek ekimenaren atarian daude, giza eskubideen hezkuntzarekin konprometitutako beste irakasle edo erakunde batzuek erabil ditzaten.

Esperientzia pilotuaren barruan, UPV/EHUko ehun ikaslek Glencree dokumentala ikusi zuten. Dokumental horretara biltzen dira 2007an, Ipar Irlandan, ETA, GAL eta eskuin muturreko beste talde batzuen biktimen artean egin ziren topaketak. Alderdi bakoitzaren bizipenak abiapuntu gisa baliatu ziren, hainbat kontzeptu taldeka aztertzeko: biktimen aniztasuna, sufrimendua, elkarrizketaren eta adiskidetzearen balioa, e.a. Ikasleen iritziz, esperientzia oso positiboa izan zen, bidea eman baitzien gertakariak kritikoki aztertzeko, jarrera desberdinen artean elkarrizketa bultzatzeko eta giza eskubideen balioa ulertzeko.

Aukeratutako materialen artean daude, halaber, ondoko hauek: El perdón dokumentala, etakide damutuen eta biktimen familien arteko topaketei buruzkoa; Hablan los ojos, indarkeria jasan duten pertsonen lekukotzak biltzen dituena; eta Lasa eta Zabala filma. Lehen esperientzia pilotuaren ostean, proiektuak jarraipena izango du datorren ikasturtean ere.

“Indarkeria-egoera desagertuta dagoenez gure gizartetik, belaunaldi berriek urrunetik ikusten dute sasoi hori eta, normala denez, ez dituzte zenbait gertakizun ezagutzen. Era berean, ez dute bizi indarkeria aurreko belaunaldien intentsitatearekin, eta ez dute haien cliche eta aurreiritzi ideologikorik” azaldu du Pello Urkidik, UPV/EHUko Ahotsak proiektuaren koordinatzaileak. “Horregatik, giza eskubideak eta bizitzeko eskubidea hartzen dituzte oinarritzat gizartea adiskidetzeko prozesuan”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow