Arrainak sentsore biologikotzat erabiltzen dituen akuikultura adimenduna

21 June, 2016

UPV/EHUk irudiaren analisian oinarritutako metodologia ez-inbaditzailea garatu du arrain biziekin

Akuikultura adimenduneko mekanismo berrien alde apustu egiteko asmoz, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) arrain-taldeak itsas-ekosistemari buruzko datuak biltzeko sentsore biologikotzat erabiltzen dituen metodologia ez-inbaditzailea garatu du.

Plentziako Itsas Estazioari atxikitako Harkaitz Eguiraun ikertzailearen lan honek hainbat lupia-talderen behaketa eta jarraipena izan ditu ardatz, estres egoeretan nola portatzen diren aztertu ahal izateko.

Monitorizazio honetatik ondorioztatu denez, arrainak sentsore biologikotzat erabil daitezke, irudiak analizatzeko teknika ez-inbaditzaileen laguntzaz.

Prozesu honetan, animalien portaera grabatzen da, eta jarraian, irudiak eta seinale ez-linealak prozesatu eta analizatzen dira, itsasoetan gertatzen ari denari buruzko ondorioak atera ahal izateko.

Ikertzailearen esanetan, “kanpoko asalduren eraginez gertatzen diren portaera-aldaketak modu ez-inbaditzailean aztertzeko eskaintzen duten aukerari erreparatuta, arrainak sentsore biologikotzat erabil daitezke”.

Metodologia honi esker, ohiko eta ez-ohiko egoeren arteko desberdintasunak atzeman ahal izango dira, eta ondorioz, zeharo baliagarria izan liteke kutsatzaile berriak zein kutsatzaileen arteko nahasketak detektatzeko, animalien portaeran gertatzen diren aldaketen bitartez.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow