Zabalik dago Ekintzailetza eta Berrikuntza Sozialeko Programan parte hartzeko epea

5 May, 2016

Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako laguntza horien xedea da proiektu edo enpresa sozial berritzaileak sortzen laguntzea.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak berriro jarri du martxan Ekintzailetza Sozialeko Programa. Diru-laguntza horiek helburutzat dute berrikuntza sozialarekin lotutako proiektu, enpresa eta erakundeak martxan jartzen laguntzea, produktu eta zerbitzu berrien bitartez onura soziala sortuko duten ekimen berriak eratzeko.

Deialdiak dioen bezala, laguntzak beraizik zuzentzen zaizkie gizartean detektatutako arazo edo premia batentzat konponbide berritzaile bat eskaintzen duten enpresa edo erakundeei, hots, produktu edo zerbitzu eraginkorragoak, sostengarriagoak edo bidezkoagoak dituztenei, eta, beraz, gizartean inpaktu positiboa sortzen dutenei.

Programak bi sail ditu: proiektu sozial berritzaileen garapenari buruzkoa eta sozialki berritzaileak diren enpresa edo erakunde berriei buruzkoa. Kasu bietan, laguntza jaso nahi izanez gero, ezinbestekoa da 2014ko urtarrilaren 1a baino geroago sortua izatea, eta enpresa edo erakunde berrien sailean, gutxienez lanaldi osoko bi lanpostu izatea.

Proiektu berrien sailean diru-laguntza emango da enpresa planaren definizioa eta garapena egiteko: bideragarritasun eta merkatu azterlanak, pilotuak edo prototipoak sortzea, kanpo aholkularitza… Proiektu bakoitzak gehienez 50.000 euroko laguntza jasoko du. Bestalde, enpresa edo erakunde berriek jaso ditzaketen laguntzak kontzeptu hauetarako izango dira: produktu bat merkaturatzeko, marketin plana egiteko, negozioaren lokala alokatzeko eta langileak kontratatzeko. Kasu honetan ere, laguntza 50.000 eurokoa izango da gehienez.

Ekintzailetza eta Berrikuntza Sozialeko Programarako eskaerak egiteko epea zabalik egongo da uztailaren 8ra arte, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailaren Bulego Birtualean.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow