Ireki da Idea-Lehiaketaren deialdia Europako Ekoberrikuntzako I+G+B proiektuak aurkezteko

28 April, 2016

Laguntzak 1.500 € eta 10.000 € artekoak dira, eta enpresei, erakunde publikoei eta Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen eragileei zuzenduta daude.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, Ihobe sozietate publikoaren bidez, laguntzak abiarazi ditu «Ekoberrikuntzako I+G+B Proiektuen Diseinu Bikaina» sustatzeko, Eusko Jaurlaritzaren 2020rako Zientzia eta Teknologiaren Planaren barruan.

Lehia handia dago Europa osoko proiektuen artean Europar Batasunaren Horizon 2020 eta Life+ finantzaketa-programetan onartzeko. Horren ondorioz, aurkezten diren I+B+G proiektuek bikainak izan behar dute beren esparruan. Laguntza hauen 2016ko deialdiaren helburua Euskadiko erakundeek aurkeztutako proiektuen diseinua bikaina izatea da, horrela Europako Batzordeak horiek hautatzeko probabilitateak gora egin dezan.

Gainera, espero da Europako finantzaketa lortzen duten proiektuek Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako Zientzia eta Teknologia Planaren helburuak eta 2020rako Ingurumen Esparru Programa betetzen laguntzea.  Deialdi honetan onar daitezkeen proiektu moten orientazio gisa, gogorarazi nahi dugu Eusko Jaurlaritzaren 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak negozio-aukera bezala identifikatzen duen «Ekosistemak» arloa, bi arlo zehatzetan banatzen dena:

  • Ekonomia zirkularra: ekodiseinua, zerbitizazioa, teknologia eta prozesu garbiagoak eta hondakinen berrerabilera eta balorizazioa biltzen ditu (lehengai berriztagarriak barne)
  • Lurralde jasangarri baten kontserbazioa eta leheneratzea: horren ardatz dira klima-aldaketari egokitzea (batik bat inguruaren birnaturalizazioa eta leheneratzea eta azpiegitura berdeak), ekosistemen zerbitzuak eta inguruaren tratamendua, berreskurapena eta monitorizazioa (ura, lurzorua eta airea).

Enpresek lehiaketa honetarako proposamenak aurkezteko epea 2016ko maiatzaren 30ean amaituko da. Horizon 2020, Life+ deialdietako edo produktuaren ingurumen-berrikuntzako estatuko edo Euskadiko deialdietako proiektuen diseinurako diru-laguntzen zenbatekoa 1.500 € eta 10.000 € artekoa izango da.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow