Abian da Silver Economy Awards lehiaketa europarraren lehen edizioa

23 November, 2017
Pulsera para monitorizar la salud, imagen del portal Silver Economy Awards.

 

Sariek aitortza egiten diete bizi-kalitatea hobetzeko IKT arloko konponbideei.

 

Europa zahartzen ari da. Towards an Age-Friendly Europe kanpainaren arabera, 60 urtetik gorako 2 milioi biztanle gehiago izango ditugu urtero datozen hamarkadetan. Orobat haziko da 80 urtetik gorako biztanleen sektorea, zaintza-premia handiagoak dituena, eta, aldiz, gutxitu egingo da premia horiei erantzuteko gai diren gazteen kopurua. Horregatik, gero eta garrantzitsuagoa da pertsona nagusien bizitza independentea eta osasuntsua luzatzea, eta teknologia digitalek konponbide ugari eskain ditzakete horretarako. Aukera asko daude, hala nola, ohitura onuragarriak eta zahartze aktiboa sustatzea, autonomia bultzatzea edota tele-zaintzak eskaintzea.

 

Aurten abiarazi da Silver Economy Awards lehiaketaren lehen edizioa, helburutzat harturik pertsona nagusien beharrizanetara bideratutako produktu eta zerbitzu sorkuntza sustatzea. Sariketa Europa osoan antolatzen da, Horizontea 2020 programaren bitartez finantzatzen da eta SEED partzuergoak bultzatzen du. Deialdia beraizik zuzentzen zaie IKTetan oinarritutako konponbideak garatu dituzten irabazi asmorik gabeko erakunde publiko, antolakunde eta enpresei. Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik egongo da abenduaren 9ra arte, eta datorren urteko udaberrian egingo den ekitaldi batean jakinaraziko da zeintzuk izan diren proiektu irabazleak.

 

Silver Economy edo Zilarrezko Ekonomiak bere baitan hartzen ditu 50 urtetik gorako pertsonen premia espezifikoentzat garatutako produktu eta zerbitzu guztiak. Sektore horrek esparru ugari barne hartzen ditu, hala nola, osasuna eta ongizatea, aisialdia, mugikortasuna, hezkuntza, etxebizitza eta finantzak, eta abar. Biztanleria-sektore horrek izan duen hazkundea dela medio, Zilarrezko Ekonomia aukera bihurtu da pertsona nagusien bizi-kalitatea hobetzeko eta negozio-eredu berritzaileak sortzeko.

 

Silver Economy Awards sariketarako deialdiak merkatuko segmentu horretan eskaintzen diren ondasun eta zerbitzuen adibideak jaso ditu: autonomia ahalbidetzeko etxe adimendunen sistemak, gaixotasun kronikoak kudeatzeko aplikazioak, sozializatzeko plataforma digitalak edo pertsona nagusientzako prestakuntza espezifikoak, besteak beste.

 

SEED partzuergoa 2016an sortu zen sariketa hau antolatzeko eta Europako bederatzi bazkidek osatzen dute: Bizkaiko Foru Aldundiak, Tampere eta Ljubljana hiriek, Noord-Braant probintziak, European Connected Health Alliance partzuergoak eta zahartze aktiboa sustatzeko AGE Platform Europe sareak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow