Abian da Euskadin Ongia Komunaren aldeko Global Hub sarea

3 May, 2016

Ekimenak helburutzat du eredu ekonomiko berriak sortzea aurrera egiteko gizarte bidezkoago eta sostengarriago baterantz.

Global Hub for the Common Good hiritarren think tank bat da, ofizialki iazko azaroan abiarazi zena Madrilen, eta helburutzat du indarrak batzea, gizarteko erronka handiei aurre egingo dieten eredu ekonomiko berriak bultzatzeko. Euskadik ere bat egin du sarearekin, Deusto Business School erakundeak eta PlanBIKO por el Bien Común elkarteak akordio bat sinatu dutelako Ongia Komunaren Aldeko Global Hub Fundazioarekin.

Hiru erakunde horiek zeregin nagusi bat izango dute: ikerketa eta eztabaida sustatzea jakiteko indarra hartzen ari diren eredu alternatiboek (ekonomia kolaboratiboa, desahazkundea, enpresa sozialak, bidezko merkataritza, ekonomia zirkularra…) nola eman diezaieketen erantzun bateratu bat gizarteko arazo handiei. Topaketak, kongresuak, eztabaidak eta ikastaroak egingo dituzte helburu horrekin, hiritarrak prozesuan inplikatuz.

Ongia Komunaren aldeko Global Hub sareak antolatuko duen lehen proiektuetako bat izango da kolektiboki sortutako Ekonomia Berriaren aldeko Manifestua. Urtebeteko prozesu parte-hartzaile bat antolatu da idazki hori osatzeko, eta New Economy and Social Innovation Global Forum ekitaldian aurkeztuko da, 2017ko apirilaren 17tik 22ra, Malagan. Hub sarearen beste erronka bat da azterlan bat egitea Eredu Ekonomiko Berriei buruz. Ikerketa horretan eredu desberdinak alderatuko dira, Estatuan duten inplementazio maila aztertuko da, eta gizartean eragin positiboa izateko duten gaitasuna neurtuko da.

Ongia Komunaren aldeko Global Hub sarea irabazi asmorik gabeko antolakunde bat da, planetarekin eta gizartearekin sostengarriagoak diren eredu ekonomikoak garatu nahi dituzten erakunde eta pertsonez osatua. Plataforman edonork parte har dezake eztabaidarako eta ezagutza trukatzeko Community Circle espazioaren bidez.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow