7. mitoa: “Parte-hartze handia lortzen badut… konponduta izango dut etorkizuna”

7 January, 2016

Innobideak Pertsonak: Pertsonek antolakundeetako kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten parte-hartzearen mitoak eta errealitateak.

Euskal enpresa batzuk sinetsirik daude pertsonek paper garrantzitsua jokatzen dutela beren proiektu lehiakorretan, eta enpresa horiek esperientzia praktiko handia dute, baina, halere, komeni da ETEei  zenbait kontzeptu argitzea eta pertsonek antolakundeen kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten “parte-hartzearekin” lotutako hainbat mito gezurtatzea.

Hemen aurkezten dizuegu pertsonek enpresan duten parte-hartzearen inguruan identifikatu ditugun 10 mito faltsuetako bat. Mito faltsuak identifikatuz posible izango dugu jakitea zein den enpresa parte-hartzaileen errealitatea eta proiektu partekatu batean parte hartzen duten pertsona motibatu eta konprometituek balioa sortzeko duten potentziala.

Beraz, azter dezagun mitoa ala egia den hain hedaturik dagoen esamolde hau:

“Parte-hartze handia lortzen badut… konponduta izango dut etorkizuna”.

Edo ez, ez baitugu ahaztu behar ezin dugula hitz egin parte-hartzeaz ez badaukagu etorkizuneko enpresa proiektu errentagarri eta sostengarririk. Gure antolakundea parte-hartzailea izanik ere, pertsona bakoitza nahi bezain protagonista bada ere, edozelakoa izanik ere gure erabakiak hartzeko lortu dugun adostasuna, gardentasun eredu bat bagara ere, e.a., e.a.… Ez bagara gauza produktu-merkatu aldagaiak uztartzeko, geu izango gara seguru asko gure ingurutik azkarren desagertuko den enpresa parte-hartzailea.

Berriro gaude errealitatearen interpretazio faltsu baten aurrean, beharbada gaizki ulertutako enpresa-erromantizismoak itsutu gaituelako.

Proiektua eta pertsonak, edo pertsonak eta proiektua, biak dira txanpon beraren –gure antolakundearen– bi aurpegiak. Batetik, proiektuaren aurpegia daukagu, estrategia; eta bestetik, antolakundea osatzen duten pertsonen aurpegia. Hedabide ekonomiko espezializatuetan eginiko elkarrizketetan kudeaketako aditu diren aholkulariek sarri azpimarratzen dute zeinen garrantzitsua den balioa sortzea gure antolakundeen barnean: “Balio erantsia emango dioten enpresak behar ditu Euskadik, beren jarduerak nazioartekotuko dituztenak, zerbitzu pertsonalizatuagoa bilatuko dutenak, bezeroarengandik hurbilago kokatuko direnak edo beren negozio eredua berritu dezaketenak”. Lehiakortasun handiagoa lortzeko gogoeta bat da hori, baina ezin dugu kontraesanean erori eta, proiektuaren alderdian estrategia edo kudeaketa tresna berrienak aplikatzen ditugun bitartean, pertsonen alderdian XIX. mendeko “giza baliabideen” logikan oinarritutako antolakuntza ereduak mantendu.

Eta horrela sartzen gara betiereko eztabaidan bi mundu kontzeptual antagonikoren artean, enpresen kudeaketa ikusteko bi moduren artean: batetik, kudeaketa eredu parte-hartzailea, eta, bestetik, eredu tradizionala, hirukote honek ordezkatzen duena: “agintzen dut eta obeditu egingo duzue”, “presentismoa” eta “lana-dirua” transakzionala, frogatua duena dagoeneko ez dela gauza sortzeko XXI. mendeko antolakunde aurreratu batek behar duen balioa.

Argi dago toki guztietan aurki daitezkeela ñabardurak, are gehiago gure antolakundeetan, baina bada kontuan hartu behar dugun zerbait, baldin eta proiektua merkatuan posizionatzeari dagokion alderdian, geure burua behartzen badugu egunez egun gauzak hobeto egitera eta lehiakorrago izatera. Pertsonen kudeaketari dagokionez, aldagai berriak sartu behar dira kudeaketa ereduan, errazago parteka ditzagun balore eta gaitasun berriak eta konfiantza, motibazioa eta erantzukizun handiagoa sor dezagun langile bakoitzarengan; horretarako, lidergo bideratzailea aplikatu behar da, talde-lana eginez, bidea emanez lantalde bakoitzeko pertsona guztiei beren ideiak proposatzeko eta erabakiak hartzeko; hots, proiektuarekiko konpromisoa sortuz.

Gainera, proiektuaren garapena erraztuko duten ezaugarriak eman beharko dizkiogu antolakuntzari: zuzentzeko estilo irekia, pertsonen garapen profesionala ahalbidetu, errentak berdinki banatu, talentuaren aitorpenaren aldeko apustua egin, e.a. Horrela orekatuko ditugu gure antolakundearen bi “aurpegiak”, proiektuaren eta pertsonen kudeaketa, alegia.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Innobideak Pertsonak ekimena jarri zuen martxan, zeinaren helburua baita jarduera-zentroa Euskadin duten enpresen lehiakortasuna hobetzeko jarduerak babestea, enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko ekintzak bultzatuz. Ekintza horiek hiru elementu hauek barne hartuko dituzte: (1) Hasierako diagnostikoa, (2) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak diseinatzea eta (3) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza. Une honetan itxita dago laguntzak eskatzeko epea, irekitzen denean ohiko bideetatik abisatuko dizuegu: Twitter sarean eta ADI!, SPRIko laguntzen alerta zerbitzuan.

Innobideak Estrategiak, pertsonen parte-hartzea babesteaz harago, merkatu berrietara sartzeko produktu eta zerbitzu berrien garapena bultzatzen du Innobideak Lehiabide ildoaren bidez; diagnostiko eta kontraste metodologia bat eskaintzen du Innobideak Kudeabide ildoaren bitartez, antolakundeen berrikuntza gradua neurtzeko eta hobetzeko kanpoko profesionalen laguntza eskainiz; eta zuzendaritza taldeei beren antolakundeetan Kudeaketa Aurreratua ezartzeko behar dituzten gaitasunak ematen dizkie, Innobideak Prestakuntza ildoaren bidez.

Funtsean, Eusko Jaurlaritzaren Innobideak estrategiak osatu egiten ditu SPRIk eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak euskal enpresa babesteko zenbait arlotan -I+G+B, nazioartekotzea, inbertsio berriak eta ekintzailetza- ematen dituzten laguntzak, modu horretara eratuz ekonomi garapeneko eskaintza-sorta oso eta integrala.

Gezurrezko 10 mito:

1 MITOA I 2 MITOA I 3 MITOA I 4 MITOA I 5 MITOA I 6 MITOA I 7 MITOA I 8 MITOA I 9 MITOA I 10 MITOA

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow