6. mitoa: “Jabetzako partaidetza da parte-hartzearen nirvana”

17 December, 2015

Innobideak Pertsonak: Pertsonek antolakundeetako kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten parte-hartzearen mitoak eta errealitateak.

Euskal enpresa batzuk sinetsirik daude pertsonek paper garrantzitsua jokatzen dutela beren proiektu lehiakorretan, eta enpresa horiek esperientzia praktiko handia dute, baina, halere, komeni da ETEei  zenbait kontzeptu argitzea eta pertsonek antolakundeen kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten “parte-hartzearekin” lotutako hainbat mito gezurtatzea.

Hemen aurkezten dizuegu pertsonek enpresan duten parte-hartzearen inguruan identifikatu ditugun 10 mito faltsuetako bat. Mito faltsuak identifikatuz posible izango dugu jakitea zein den enpresa parte-hartzaileen errealitatea eta proiektu partekatu batean parte hartzen duten pertsona motibatu eta konprometituek balioa sortzeko duten potentziala.

Beraz, azter dezagun mitoa ala egia den hain hedaturik dagoen esamolde hau:

Jabetzako partaidetza da parte-hartzearen “nirvana”

Baldin filosofia Shramanikoaren arabera “nirvana” iristea erabateko zorion egoera lortzea bada, halako liberazio espiritual bat zeinari esker pertsonak ez duen gehiago sufritzen eta birsortze-zikloaren katetik askatuta geratzen den, beldur gara antolakuntza-kudeaketako jabetzan parte hartzea ez dela ez paradigma ideala, ez kultura aldatzeko prozesu luzearen amaiera, ezta ere derrigorrezko abiapuntua.

Beraz, eta aukera estrategiko oso garrantzitsua den arren, gure ustez ez da erreferente bakarra gure partaidetza eredua hedatzeko tresna anitzen artean. Horregatik, kontzeptu hori literalki baztertu beharreko beste mito bat da.

Demagun piramide kontzeptual bat: piramidearen oinarrian jartzen dugu erakundean parte hartzea, edo erakundearen kudeaketan parte hartzea; erdialdean jartzen dugu parte-hartze ekonomikoa edo emaitzetan parte hartzea; eta erpinean, berriz jabetzan parte hartzea. Orduan, antolakunde bat, bere parte-hartze eredua garatzean, berdin mugi daiteke goitik behera nola behetik gora, bere abiapuntuaren arabera. Hobeto azalduko dugu.

Badira enpresa batzuk parte-hartzearen munduan piramidearen beheko aldetik abiatu direnak: beren ekipoei kudeaketan parte hartzeko aukera eman diete aurrena, euren esku jarriz antolakundeko informazio garrantzitsua, gardenago jokatuz, hobeto komunikatuz, etengabeko prestakuntza emanez, talde-lan formulak aplikatuz, edo beren burua kudeatzen duten ekipoak sortuz, aplika daitezkeen formula batzuk baizik ez aipatzearren. Horrela, enpresa horiek urtez urte eta astiro-astiro aurrera egiten dute emaitzetan edo jabetzan parte hartzera iristeko bidean.

Baina kontrako kasuak ere badira, adibidez sozietate kooperatiboak eta profil demokratiko baxuko lan sozietate anonimoak, zeintzuetan jabetza antolakundean lan egiten duten pertsonena izan arren ia ez baita batere parte-hartzerik: pertsona horiek ez dute parte hartzen kudeaketan, ez dira inplikatzen antolakundearen eguneroko erabakietan, eta kudeatzaileek argi aitortzen dute hori. Horrelako enpresen bilakaera, beraz, goitik beherakoa izango litzateke gure piramide kontzeptualean; pixkanaka egingo lukete aurrera, eredu demokratikoago bat garatuz langileen kudeaketako parte hartzea bideratzeko.

Ondorio gisa esan daiteke jabetzan parte hartzera garamatzan antolakuntza arloko kultura aldaketa bat garatzeak derrigorrez dakarrela berekin konpromiso eta erantzukizun handiagoak hartzea gure antolakundearen egunerokotasunean. Horren truke asebetetze profesional handiagoa iritsiko dugu mota horretako antolakunde batean garatu ahal izango dugun karrera profesionalarekin.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Innobideak Pertsonak ekimena jarri zuen martxan, zeinaren helburua baita jarduera-zentroa Euskadin duten enpresen lehiakortasuna hobetzeko jarduerak babestea, enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko ekintzak bultzatuz. Ekintza horiek hiru elementu hauek barne hartuko dituzte: (1) Hasierako diagnostikoa, (2) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak diseinatzea eta (3) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza. Une honetan itxita dago laguntzak eskatzeko epea, irekitzen denean ohiko bideetatik abisatuko dizuegu: Twitter sarean eta ADI!, SPRIko laguntzen alerta zerbitzuan.

Innobideak Estrategiak, pertsonen parte-hartzea babesteaz harago, merkatu berrietara sartzeko produktu eta zerbitzu berrien garapena bultzatzen du Innobideak Lehiabide ildoaren bidez; diagnostiko eta kontraste metodologia bat eskaintzen du Innobideak Kudeabide ildoaren bitartez, antolakundeen berrikuntza gradua neurtzeko eta hobetzeko kanpoko profesionalen laguntza eskainiz; eta zuzendaritza taldeei beren antolakundeetan Kudeaketa Aurreratua ezartzeko behar dituzten gaitasunak ematen dizkie, Innobideak Prestakuntza ildoaren bidez.

Funtsean, Eusko Jaurlaritzaren Innobideak estrategiak osatu egiten ditu SPRIk eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak euskal enpresa babesteko zenbait arlotan -I+G+B, nazioartekotzea, inbertsio berriak eta ekintzailetza- ematen dituzten laguntzak, modu horretara eratuz ekonomi garapeneko eskaintza-sorta oso eta integrala.

Gezurrezko 10 mito:

1 MITOA I 2 MITOA I 3 MITOA I 4 MITOA I 5 MITOA I 6 MITOA I 7 MITOA I 8 MITOA I 9 MITOA I 10 MITOA

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow