50 estrategia enpleguaren etorkizunari aurre egiteko

19 apirila, 2018

 

Prospektiker-ek eta Telefónica Fundazioak 2050eko enpleguari buruzko txosten bat aurkeztu dute.

Zeintzuk dira automatizazioaren eragina gehien jasango duten profil profesionalak? Zein lan aukera ekarriko ditu eraldaketa teknologikoak? Horra galdera garrantzitsu batzuk, oraindik erantzunik ez dutenak. 50 estrategia 2050erako azterlanaren asmoa da datozen hamarkadetako enplegu perspektibak aztertzea Estatu mailan, ez zer etorriko den asmatzeko, baizik eta nahi dugun etorkizunerantz eramango gaituzten jarraibideak ezartzeko. Ikerketa hori Millennium Proiektuak eginiko Lanaren eta Teknologiaren Etorkizuna 2050ean azterketa globalaren barruan kokatzen da, eta Prospektiker-ek (Millennium think tank-aren Estatuko guneak) eta Telefónica Fundazioak egin dute Estatu mailan.

 

Online dagoen argitalpen horrek 50 estrategia jasotzen ditu, martxan jarri behar liratekeenak aurrerapen teknologikoaren erronkari aurre egiteko eta ekarriko dituen aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Proposamenak egiteko oinarritzat hartu dira esparru desberdinetako adituek garatutako prospektiba inkestak eta tailerrak, eta bost ardatz handitan bereizi dira: hezkuntza eta ikaskuntza, zientzia eta teknologia, enpresak eta lana, gizartea eta kultura, eta, azkenik, gobernua eta politikak.

 

Hezkuntzari buruzko lehen ardatzaren barruan, martxan jarri beharreko estrategien helburua da, batik bat, hezkuntza sistemen malgutasuna sustatzea, ezagutzak eta gaitasunak lehenestea tituluen gainetik eta STEM gaitasunen aldeko apustu sendoa egitea. Zientzia eta teknologiari dagokienez, adituak bat datoz esatean oso garrantzitsua dela Estatu mailako estrategia bat ezartzea, arreta berezia jarriz eduki teknologiko propioen garapenari. Halaber, lehentasunezkotzat hartu behar da “teknologia humanista”, hau da, pertsona kokatuko duena garapen teknologikoaren erdigunean, eta apustu argia egin behar da zibersegurtasunaren alde.

 

Ikerketaren arabera, enpresa eta lan munduan funtsezkoa da auto-enpleguari laguntzeko sistema gehiago ezartzea, datozen urteetan asko ugarituko baita, eta horrekin batera, babes sozialeko ereduak birplanteatu behar dira flexi-segurtasun eskemak oinarritzat hartuta. Gainera, enpresek kontuan izan beharko dute nolako inpaktua eragiten duten gizartean, eta berriro planteatu beharko dute zer den erantzukizun sozial korporatiboa.

 

Gizarte eta kultura arloko estrategia garrantzitsuenak dira gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna sustatzea eta antolakundeen zein pertsonen balore etikoak birdefinitzea. Azkenik, gobernu eta politika publikoen ardatzari dagokionez, txostenak dio oinarrizko errenta-sistemak ezarri behar direla, langabezia handiko guneetan diru-sarrera iturri bat bermatzeko, eta Administrazioak paper handiagoa hartu behar duela gizartearen digitalizazio prozesua sustatzeko.

 

Millennium mundu osoko 60tik gora gunek osatutako sare global bat da, Estatuan Prospektiker-ek (azterlan estrategikoak egiten dituen euskal enpresak) koordinatzen duena. Nazioarteko think tank horren zeregina da hainbat esparruren ikuspegiak (akademikoa, enpresena, gobernuena eta zientzialariena) bateratzea, etorkizuneko erronkei aurre egiteko estrategiak sortzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow