4.0 soluzioak hirietako hondakinak kudeatzeko

16 ekaina, 2016
Waste4Think ekimena aste honetan abiatu da Bilbon

DeustoTech teknologia aurreratuetan oinarritutako hondakin-kudeaketarako soluzioak baliozkotzeko proiektu bat koordinatzen ari da.

Hiri-hondakinen prozesamendua udal administrazioek gainditu beharreko erronka larria da, ingurumenarekiko begirune handiagoa izango duten hirien eraikuntzan aurrera egiteko asmoz.

Hiri-ingurune jasangarriak lortzeko, Deustuko Unibertsitateko DeustoTech teknologia institutua, informazio eta komunikazio teknologien aplikazioan oinarritutako hondakin-kudeaketarako soluzioak baliozkotzea xede duen europar proiektu bat koordinatzen ari da.

Waste4Think deritzon ekimena aste honetan bertan abiatu da Bilbon, hiru urte eta erdiko iraupena izango du eta 9 milioi euroko finantzaketa dauka.

Proiektuak finkatuak dituen helburu nagusien artean, honako hauek nabarmen daitezke: hondakinen sorkuntza % 8 gutxitzea, hondakinen sailkapena hobetu eta birziklapena hobetzea, kudeaketa-kostuak % 10 merketzea eta berotegi-efektuko gas-isurketak portzentaje berean murriztea.

Ekimenaren plangintza eta kudeaketa bere gain hartu dituen DeustoTech-ekin batera, Euskadiko Ingurumen Kluster Elkartea (Aclima) ere proiektu honetan parte hartzen ari da, lortutako emaitzak ezagutzera eman eta zabaltzeko ardurari atxikita.

Partzuergoak 19 kide ditu guztira, Espainia, Grezia, Portugal, Italia, Danimarka eta Alemaniako enpresa txiki eta ertainak, administrazio publikoak eta unibertsitateak barne hartuta.

Proiektu honen bitartez, denbora errealeko datuak atzitu, prozesatu eta monitorizatzea, tresna informatiko integratuak sortzea eta sentsibilizazio kanpainak zabaltzea helburu dituzten 20 soluzio baliozkotu nahi dira.

Soluzio hauek Zamudion (Bizkaia) eta Halandri (Grezia), Cascais (Portugal) eta Seveso (Italia) hirietan ezarritako lau proiektu piloturen laguntzaz probatuko dira.

Horren harira, Zamudioko proiektu pilotua izango da, erabakiak ikuspegi integral batetik hartzea ahalbidetuko duen informazioaren tratamendurako plataforma baten laguntzaz, datuen digitalizazio eta prozesamendu sistemak probatzeko saiakuntza-lekuetako bat.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow