4.0 Industriaren erronkei aurre egiteko tresna aurreratuak

26 September, 2017
Diagnostikoak epe labur, ertain eta luzeko ekintza estrategikoak lehenesteko lana erraztuko du

Sisteplant-ek enpresei heldutasun maila ezagutzen eta fabrikazio aurreratuko ereduetara hurbiltzen lagunduko dien autoebaluazio-sistema bat garatu du

 

Prozesuak eraldatuz erakundeen lehiakortasuna hobetzen diharduen Sisteplant enpresa bizkaitarrak autoebaluazio-tresna berritzailea sortu du, 4.0 Industriaren eta fabrikazio aurreratuaren erronkei aurre egiterakoan konpainiek duten heldutasun maila zehazteko asmoz.

 

Gainera, euskal konpainiak enpresen eskura jarri duen doako teknologia honek enpresa bakoitzaren lehiakortasun-maila industriako batez bestekoarekin alderatzeko aukera eskaintzen du. Sisteplant-ek ohar baten bidez jakinarazi duenez, diagnostikoak epe labur, ertain eta luzeko ekintza estrategikoak lehenesteko lana erraztuko du, betiere fabrikazio aurreratuko ereduetara hurbiltzeko helburuari begira.

 

Munduko Foro Ekonomikoaren azterketa baten arabera, erakundeen % 88k ez omen ditu ezagutzen 4.0 Industriak bere negozio-ereduen gainean izango dituen ondorioak. Oharrean gaineratu denez, errealitate honen aurrean, nahitaezkoa da industria-eraldaketarako ereduak abian jartzea, enpresen malgutasuna, eraginkortasuna eta produktibitatea hobetu ahal izateko, erakunde barruko aldaketa-ardatz nagusiei eragingo dien soluzio integral baten bitartez.

 

Horren harira, euskal konpainiak diseinatutako tresnak enpresa bakoitzaren heldutasun-maila ebaluatzen du, eraldaketa-prozesuetan lehentasunezkotzat jo ohi diren 6 ardatz hauen bitartez: bizitasuna, sendotasuna, supply chain, lantegi adimenduna, giza-lantegia eta lantegi digitala.

 

Soluzio teknologikoen eta fabrikazio aurreratuko soluzioen laguntzaz ekoizpen-prozesuen optimizazioa bultzatzearen aldeko apustuari eutsiz, Sisteplant-ek, Zuzendaritzaren Aurrerabiderako Elkartearekin (APD) batera, Etorkizuneko Lantegiari buruzko Estatuko laugarren Biltzarra antolatuko du Madrilen eta Bilbon, irailaren 28an eta azaroaren 9an, hurrenez hurren. Topaketa honetan, industria sektorearen orainaz eta geroaz eztabaidatu eta industria-prozesuen digitalizazioaren nondik norakoak arakatuko dira.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow