3DLAN enpresak aniztasun funtzionalerako fab lab zentroak sortu nahi ditu

6 September, 2017

Pr4, Lantegi Batuak eta Gaiker-IK4 erakundeek sustatu dute proiektua.

 

3D inprimaketak bide ugari ireki ditu irisgarritasunaren arloan, aukera ematen baitu era askotako premiei erantzungo dieten konponbideak diseinatu eta fabrikatzeko. 3DLAN proiektuaren helburua da potentzial hori aprobetxatzea eta lankidetza-ekosistema bat sortzea, elkarrekin biltzeko maker-ak, erakundeak, enpresak eta aniztasun funtzionala duten pertsonak.

 

Ekimenak badu onlineko zati bat -diseinuak irekian partekatzeko plataforma bat- eta beste zati fisiko bat –fabrikazio digitalerako laborategi sarea sortuko duena. “LanLab deituriko espazioak sortu nahi ditugu, espazio horietan batzeko pertsona batek produktu egokitu bat lortzeko duen premia eta premia horri erantzun diezaiokeen kolaboratzaileen sarea” azaldu du Santi Pisonerok, proiektuaren koordinatzaileak Pr4 erakundean.

 

Horrelako lehen espazioa 2016aren amaieran jarri zen martxan Getxon, proiektu pilotu modura, Udaleko Ekonomi Sustapen Sailaren laguntzari esker. Harrezkero, laborategitik igaro dira ezgaitasunak dituzten pertsonen elkarteak, ekintzaileak, ikasleak, eta baita ere ongi finkatutako enpresak. “Esperientziaren bidez gure zerbitzuak egokitu ditugu eta kolaboratzaileen sare bat sortu dugu, lagun diezagun detektatzen ditugun premiei konponbide berriak bilatzen” azaldu du Santi Pisonerok.

 

LanLab berriak sortzea da proiektuaren hurrengo urratsa. 3DLAN enpresak zerbitzu paketizatu gisa eskaintzen ditu horrelako zentroak, proiektua ekonomikoki sostengarria izan dadin. Kit horretan eskaintzen dira fabrikazio digitaleko laborategi baterako beharrezkoak diren hardwarea eta softwarea, laguntza eta prestakuntza prozesu batekin batera. “Zerbitzua ematen diegu 3D inprimaketa erabiliz prototipoak sortu nahi dituzten erakundeei eta, batez ere, lanpostuak edo tresnak egokitu nahi dituztenei, beren fabrikan LanLab bat izateko aukera eskainiz” azaldu du Pisonerok. Gaur egun, hainbat erakunderekin ari dira hizketan urtea amaitu baino lehen beste bi LanLab sortzeko.

 

Proiektuan parte hartuko dute baita ere Lantegi Batuak enpresak –adimen ezgaitasuna duten pertsonentzako enplegu-aukera berriak bilatzen dituen konpainiak- eta Gaiker-IK4 zentroak, zeinak filamentu eta material berriak garatzen baititu 3D inprimaketa bidez fabrikatu daitekeen produktu-sorta zabaltzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow