Adimen ezgaitasunak dituzten 33 lagunek profesionaltasun ziurtagiria eskuratu dute

12 April, 2016

Estatu osoan aitzindaria izan den prozesu honek Lantegi Batuak erakundearen laguntza izan du.

Ahalegin handia eskatzen duen ibilbide luze baten ondoren -2014an hasi zena-, Lantegi Batuak erakundeko 22 gizon eta 11 emakumek beren laneko esperientzia egiaztatu dute profesionaltasun ziurtagiri ofizial bat eskuratuta. Ez da edonolako mugarria, zeren adimen ezgaitasuna duten 33 lagun horiek errekonozimendu ofiziala lortzeko gainditu behar izan duten azterketa gainerako biztanleek egiten duten berbera izan da, hau da, egokitu gabea.

Profesionaltasun ziurtagiriak laneko bizitzan zehar barneratutako ezagutzak egiaztatzen ditu. Hala ere, Txema Francok, Lantegi Batuak erakundeko zuzendariak azaldu duenez, “prozesu hau ez dago beraizik pentsaturik zailtasunak dituzten pertsonentzat; hortaz, esperientzia berdina izan arren, askoz oztopo gehiago dituzte proba gainditzeko”. Horregatik, antolakundeak programa pilotu bat jarri zuen martxan 2014an, eta, programa horren bidez, Lantegi Batuak erakundeko 33 langileri lagundu die ziurtagiria eskuratzen.

Pasa den apirilaren 7an entregatu ziren gaitasun agiriak: azalera eta altzarien garbiketakoak eta haztegi, lorategi eta lorezaintza zentroetako jarduera laguntzaileei dagokiena. “Ahalegin izugarria egin behar izan dute, zeren, askok zailtasun kognitiboak dituzte, eta gehienek ez dute ikasketarik” azaldu du Txema Francok, “une historikoa da benetan, eta aitzindariak izan dira”.

Ekimenak babesle izan ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Enplegu Saila eta IVAC-EEI-Lanbide Heziketako Ezagutzaren Euskal Institutua. Asmoa izan da baita ere ziurtagiriak lortzeko prozesuan dauden hesi nagusiak detektatzea, etorkizunean adimen ezgaitasunak dituzten pertsonei egokitzeko. “Ez bada egokitzen, ezingo da orokortu, eta zailtasunak dituzten pertsonak ezingo dira aurkeztu” adierazi du Lantegi Batuak erakundeko zuzendariak.

Ziurtagiriak entregatzea bultzada handia izan da antolakundean lan egiten duten pertsonentzat, ikusi baitute lortu dezaketela beren esperientzia frogatzen duen titulu ofizial bat. Orain, Lantegi Batuak-ek prozesu berri bat hasi du Europako Funts Sozialetik etorritako laguntza bati esker, adimen ezgaitasuna duten beste 100 lagunek ziurtagiri horiek eskuratu ditzaten. Bigarren promozioan titulu berriak sartuko dituzte: muntaia elektromekanikoak, dokumentuen kudeaketa, eta ostalaritza eta turismoa.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow