4.0 industriako 24 kasu arrakastatsu

18 May, 2016

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean agerian geratu da laugarren iraultza industriala delakoa garatzen ari dela euskal enpresa-sarean. Proiektu bat “ordu gutxitan” garatzeko konponbideak, langileen ergonomia hobetzea, produktu pertsonalizatuak konfiguratzea… horra aurkeztu diren zenbait proiektu berritzaile.

 

4.0 industriaren garapena geldiezina da. SPRI Taldeak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak, antolatutako jardunaldi batean ikustera eman dira euskal enpresek laugarren iraultza industriala garatzean izan dituzten 24 kasu arrakastatsu.

 

SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntza zuzendari Aitor Cobanerak ireki du jardunaldia, esanez  4.0 industria dela “enpresen bidez garatzen den ekonomiaren eraldaketa digitala”. Gaia klusterreko zuzendari nagusi Tomás Iriondok ohartarazi du “eszenatoki ziurgabea dela, baina kontua ez dela teknologian inbertitu eta kito. Antolakunde gisa jarrerak aldatzea da iraultza industrialaren erronka”.

 

4.0 industriaren aplikazioa azaltzeko era askotako kasuak  aipatu dira. Errealitate birtuala lantzen duen Bihartech konpainiako David Quintanak ikustera eman du Zayer enpresarentzat egin duen lana, hots, fabrikatu gabe dauden makinen errekreazio birtualak; IDS ingeniaritzak, aldiz, hizpide hartu ditu enpresetako bezeroentzat sortu dituen estranet proiektuak, “zeinaren bidez bezeroak eskura baitu produktuaren dokumentazio osoa eta konponketaren egoera osoa”.

 

[pullquote][pullquote]Optimus3D enpresak konponbideak eskaintzen ditu proiektu baten garapen zikloa “egunetara, are orduetara ere” murrizteko[/pullquote]

Optimus3D enpresak konponbideak eskaintzen ditu proiektu baten garapen zikloa “egunetara, are orduetara ere” murrizteko. Horri esker, enpresak posible du bere produktua epe laburrean hobetzea. “Aluminiozko prototipo moldeak egin beharrean, erretxinezkoak egiten ditugu, eta horrek asko murrizten ditu epeak eta kostuak”. Virtualware enpresak errealitate handitua baliatzen du tablet baten bidez ibilgailu baten bateria pausoz pauso desmuntatzeko.

 

Innovalia ikerketa-laborategi pribatuko June Solak langileen ergonomia hobetzeko esperimentuak egin ditu, esaterako Iruñeko TRW konpainian. Sentsoreen bitartez posible da gorputz-jarrera okerrak zuzentzea eta, hartara, langileak etorkizunean izan ditzakeen lesioak saihestea.

 

I68 ingeniaritzak azpimarratu duenez,  merkatuak gaur egun  “prezioa baino gehiago eskatzen du entrega-epe laburragoak, gama zabalagoak eta lote txikiagoak. Aralar paper-fabrikak eskatu zigun  optimizatzeko bobinen ebaketa prozesua, pertsona bakar batek egiten zuena, eta planifikatzaile bat garatu dugu ”.

 

Kasu arrakastatsu gehiago ere aurkeztu dira jardunaldian, esaterako  Lantekena -gidaririk gabeko autobusetarako proiektu bat dauka martxan Japonian-, eta hornikuntza-kateko datu ingeniaritzako Lis Solutions  enpresarena, zeinak enkargu bat jaso zuen botikak garraiatzen dituen enpresa batengandik, produktuak hausten zitzaizkiola eta. “Hotz-katearen barruan hausten zirenez, zehazki noiz hausten ziren eta txanda horretan zein langile aritzen ziren deskubritu genuen”.

 

Mondragon Taldeko LKS aholkularitzako Vicente Orizek azpimarratu duenez, 4.0 industrian eta Big Data-n “datuak ez botatzea da garrantzitsua, adituek eta zientzialariek hizkera komuna bilatu behar dute, eta proiektu arriskutsuak izanagatik merezi du euren alde apustu egitea”.

 

[pullquote]Oboid enpresak azaldu du nola jartzen dituen ukimenezko pantailak produktuetan. Proiektu bat garatu dute Laudioko Ascensores Iza enpresarekin[/pullquote]

Oboid enpresak azaldu du nola jartzen dituen ukimenezko pantailak produktuetan. Proiektu bat garatu dute Laudioko Ascensores Iza enpresarekin, “produktua modernizatzea erabaki baitzuen. Igogailuaren pantailan, solairuari eta norabideari buruzko betiko informazioaz gain, beste datu batzuk ere ageri dira, eta aukera ematen du tele-mantenimendua egiteko  eta azken ikuskapenaren gaineko informazioa ikusteko web sistema baten bidez”.

 

Semantic Systems enpresako David Fernándezek adierazi du bere produktuak, Repcon configurator sistemak, enpresei laguntzen diela produktu pertsonalizatuak konfiguratzen. “Posible dugu bezeroak beren premien arabera tratatzea, salmenta zikloak murriztea, eta komertzialak bileran bertan entregatu ahal izatea bezeroak eskatu dion produktuaren eskaintza online”.

 

Ikasteko konponbide sortzaileak lantzen dituen Tak Learning enpresak kultura-aldaketa plan bat egin zuen Bellota enpresako komertzialentzat. “Praktikak egiten ditugu bezero errealekin. Lortu zen salmenta-sareak hiru hilabetean betetzea urte osoko helburuak”.

 

Tomas Iriondok eman dio itxiera jardunaldiari, eta enpresak 4.0 industria aplikatzera animatu ditu, “gure produktuetan automatizazio adimenduna ezarriz eta sentsorizazioa, balio erantsia, eta gure produktuen inguruko zerbitzuak txertatuz. Merkatuko presio handiena dagoen tokian hasi behar da”. “Eredu berriak sortuko dira bezeroarekin harremanetan jartzeko. Erabiltzailearen eta fabrikatzailearen arteko hurbiltasunak balio-katea berriak sortuko ditu, eta hori kontuan hartu behar da”, esanez amaitu du.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow