Berrikuntza sozialeranzko 10 joera

20 June, 2016

Frantziako hiru gazte ekintzailek urtebeteko bidaia bat egin zuten 2015ean Europan barrena, berrikuntza sozialeko proiektu inspiratzaileenak ezagutzeko. Ekimen horiek, Europe Tomorrow web orrian daude, asmoa baita ekimenak ezagutaraztea, eta haien arteko konexioak bideratzea. Proiektu honen atzean dagoen filosofiak helburutzat dauka Europa osoan loratzen ari den berrikuntza soziala erakustea, garapen-eredu sostengarriagoak sustatzeko etorkizunari begira.

Hiru gazte horiek ogei herrialdetan izan dira, eta berrikuntza sozialeko hirureun ekimenetik gora jaso dituzte, 14 arlotan banatuta: hezkuntza, finantzak, nekazaritza, klima, enplegua, osasuna… Europe Tomorrow proiektuko lantaldeak hogeitamabi proiektu aukeratu ditu Estatuan, besteak beste, Ner Group, Mondragon Team Academy, Somenergia, EntrePatios eta Makers of Barcelona.

Bidaian zehar, berrikuntza sozialaren hedapenarekin lotutako 10 joera global ere identifikatu dituzte. Lehenengoa da gero eta balio handiagoa ematen zaiola proiektu publiko nahiz pribatuen balio sozialari, eta ekonomia zirkularra, ekintzailetza soziala edo kontsumo kolaboratiboa erabiltzen direla eredu gisa.

Hona hemen beste joera batzuk: tokian tokiko komunitateak gero eta sarriago inplikatzen dira; erronka sozialak ugaritu egin dira, ohiko inguruneetatik harago konponbide berriak bilatzeko; eta gero eta gehiago baloratzen dira ezagutza partekatua eta heldutasun digitala, biek batera hiritarren jabekuntzarako bidea errazten dutelako. Bestalde, enpresen estrategien muinean EES sartu izanak eta proiektu sozialak finantzatzeko bide berriak agertu izanak berekin ekarri dute horrelako ekimenak hedatzea, eskala txikian bada ere.

Europako Batzordeak eta eragile publiko nahiz pribatuz osatutako sare batek babesten dute Europe Tomorrow proiektua. Proiektuaren hurrengo urratsa da esparru bakoitzeko adituak inplikatzea, bide berriak bilatu nahi direlako ekimenak elkarri konektatzeko eta eskalatzeko. Xedea da kolaboratiboki sortzea etorkizuneko erronka sozialei, ekonomikoei eta ingurumenekoei erantzungo dieten konponbideak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow