Zure negozioarentzako ikastaro praktikoak: bizirauteko finantzak

13 February, 2013

Otsailak 13an (asteazkena), Emprendedores argitalpeneko erredaktore José Antonio Almoguerak ekintzaileentzako finantzaketari buruzko tailer bat eskaini zuen ekintzaileentzat.

José Antonio Almoguerak ekintzaileentzako finantzaketari buruzko tailer bat eskaini zuen eta beraizik adierazi zuen garrantzitsuak direla kutxako fluxuak, finantzaketak eta eguneroko kontuen kudeaketak.

“Arazo guztiek dute konponbidea, baina lehenik zertan ari garen jakin behar dugu, edo konponbidea emango digun pertsona egokia aurkitu behar dugu”.Sarrera horrexekin hasi zuen tailerra José Antonio Almoguerak eta adierazi zigun oso garrantzitsua dela gure enpresako finantzak eta kontabilitatea ezagutzea edo behintzat zerbitzu horien jarraipena egitea azpikontratatzen direnean.

Enpresa gehienei ahaztu egin zaie “inbertsio plan” bat egin behar dutela, zeina negozio plana bera bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa baita.

Enpresa batek irabaziak baditu ere, “hil” egingo da kutxa fluxurik (cash-flow) ez badu, izan ere irabaziak kontabilitate arloko kontzeptu bat dira eta kutxako fluxua berriz enpresaren errealitatea, hau da, enpresak daukan dirua.

Enpresetako irabaziak kontabilitateko kontzeptu bat dira, baina ez dira guztiz errealak, gauzatu eta kobratu gabeko salmentak ere barne hartzen dituztelako. “Sortzapen irizpidea” deitzen zaio horri. Sortzapen irizpideari jarraituz, kontabilitateko idazpena eragiketa gauzatutakoan egiten da eta kobratutakoan “kutxa irizpidea” izenburupean sartzen da enpresan.

Enpresa guztiek kudeatu behar dute ondo beren diruzaintza arrazoi hauengatik:

  • Baliabide mugatuak dituztelako:gutxieneko finantza baliabideak behar dira enpresa bat martxan jartzeko. Zuk zeuk ez baduzu zeure jardueraren aldeko apusturik egiten, nola egingo dute gainerakoek?
  • Finantza egitura desegokia dutelako:gaizki egindako inbertsioak dira. Normalean izaten dira enpresek urte baterako eskatu dituzten eta urte bat baino gehiagora amortizatzen diren ondasunak erosteko erabiltzen dituzten kredituak.
  • Negoziazio ahalmen eskasa dutelako: enpresek epe luzera ordaintzen duten hornitzaileekin lan egiten dute eta halaxe biziraun behar dute. Hori finantza kostu bat da enpresarentzat.
  • Ez-betetzeagatiko irudi galera dutelako: enpresa batek ez baditu bere betebeharrak betetzen, berehala agertzen da RAin eta azkenean itxi egin behar izaten du. Halakorik ez gertatzeko, enpresek ongi ezagutu behar dituzte nolako luzapen baldintzak eskaintzen dituen administrazioak, indarrean dagoen legeria betetzeko.
  • Finantzaketarako berme gutxi dutelako:enpresek ezin diete aurre egin bankuek finantzaketa emateko unean eskatzen dizkieten bermeei.

Enpresek beti izango dituzte arazoak, beraz, prest egon behar dute arazo horiek iristen direnerako. Horretarako, modu onena da likidezia ongi kudeatzea.

Garrantzitsua da diruzaintzako aurrekontu bat egitea eta maiztasunez berrikustea. Horrez gain, komeni da aurreikusitako defizita kalkulatzea eta konponbideak bilatzea, kontuan izanik batzuetan irtenbide onena inbertsiorik ez egitea dela. Bestalde, superabita kalkulatu eta finantza inbertsioak bilatu behar dira, hau da, dirua soberan dagoenean non inbertitu aztertu behar da.

Eskudirua funtsezkoa da enpresentzat krisi garaian, dirurik gabe enpresek ezin baitute aurrera jarraitu. Enpresek ongi zaindu behar dute likidezia ordainketei aurre egiteko eta errentagarritasuna bilatu behar dute inbertsio proiektuetan.

ETEek ez dute zertan aurkeztu “kutxako fluxuen egoera” azaltzen duen txostena, baina hala ere gomendagarria da egitea, kutxako premien eta gertatzen diren aldaketen ikuspegi argia izaten lagunduko dielako. Enpresak oro har desbideratu egiten dira gastuetan, baina ia inoiz ez diru-sarreretan.

Diruzaintzako geldikinarekin era askotako inbertsioak egin daitezke:

  • Kontu ordainduak
  • Eperako ezarpenak
  • Gordailu-ziurtagiriak
  • Goiz ordaintzeagatiko deskontuak
  • Berrerosteko akordio eragiketak (repos)
  • Kapital merkatuak
  • Inbertsio funtsak
  • Etab.

Finantzaketa lagungarria izan daiteke likidezia lortzeko. Kontuan izan behar da une honetan berme eta abalak asko ari direla gogortzen eta, aldi berean, luzatu egin dela finantzaketa lortzeko erantzun epea. Jakin behar dugu baita ere enpresa gehienak zirkulatzailerako, hau da, urte batean gastatuko dutena estaltzeko finantzaketa eskatzen ari direla, eta horrek agerian uzten du enpresen egoera txarra.

Enpresek finantzaketa publikoa eskuratu dezakete, baina horrek ezin du izan diru-sarrera iturri nagusia eta inoiz ez luke jardueratik lortutako kopurua gainditu behar.

Finantzaketa publikoa hainbat bidetatik irits daiteke:

  • Diru-laguntzak eta laguntzak.
  • Diruz lagundutako mailegu parte-hartzaileak.
  • EBren finantzaketa publikoa.
  • Elkarrekiko berme sozietateak.

Hor daude baita ere enpresentzako finantzaketa pribatua eta auto-finantzaketa:

  • Enpresaren eskudirua erabiltzea
  • Salmenta eragiketak egitea
  • Kapitala zabaltzea
  • Maileguak eta kredituak eskatzea
  • Hornitzaile eta bezeroekiko baldintzak aldatzea
  • Beste finantzaketa eragiketa batzuk
  • Etab.

Azkenik, enpresa batek likidezia hobetu dezake bankuko finantzaketa behar bezala kudeatuz eta bankuek berek eskaintzen dituzten tresnak ongi erabiliz:

  • Bankuko maileguak
  • Bankuko kredituak
  • Leasing-a.
  • Factoring-a.
  • Renting-a.
  • Confirming-a.
  • Efektu komertzialen deskontuak.
  • Beste finantzaketa formula batzuk.

José Antonio Almoguerak kontabilitate kontzeptu desberdinen errepaso bat egin zuen (balantzea, aktiboa, pasiboa, galera eta irabazien kontua, kontabilitate plan orokorra) eta enpresaren ikuspegi argiagoa emango diguten zenbait kontabilitate ratio erakutsi zizkigun (likidezia ratioak, kaudimen ratioak, aktiboaren egitura ratioak eta pasiboaren egitura ratioak edo zorpetze ratioak).

Amaitzeko, José Antonio Almoguerak proiektu bati arrakastaz ekiteko garrantzizkoak diren bi gai azpimarratu zituen:

  • Enpresa guztiek ez dute zertan eduki nahi duten tamaina, baizik eta ahal dutena.
  • Ezinbestekoa da likidezia edukitzea eta finantzaketa-kontabilitate arloetako prestakuntza jasotzea.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow