Pertsona nagusientzako etxebizitza kolaboratiboak, zaintza ulertzeko modu berri bat

8 September, 2016

Emakundek “Zaintzaren arkitekturak” ikerlana aurkeztu du.

 

Suedia, Danimarka edo Alemania bezalako herrialdeetan aspalditik daude martxan pertsona nagusientzako etxebizitza kolaboratiboak; etxebizitza horietan, hiritarrak autonomoki antolatzen dira espazioa, elkarrenganako laguntza eta zaintza profesionalak partekatzeko. Ana Fernández Cubero eta Irati Mogollón García ikerlariek eredu hori aztertu dute, begirada berritzaile batetik lantzen duelako zahartzearen erronka, eta Euskadin sortzen hasi diren ekimenak ere ikertu dituzte.

 

Zaintzaren arkitekturak. Pertsona nagusientzako etxebizitza kolaboratiboak, EAEko eta Europako adibideak izeneko azterlanak abiapuntutzat hartu du zahartzearen irudi orokorra eta horrek berekin dakarren estigma sozial astuna, alternatibak bilatu eta pertsona nagusien premia errealei erantzuteko. Azterlana ekonomia feministaren ikuspegitik egin da: “ekonomia monetarioak ez du gainditu zaintzaren ikasgaia, zaintza monetizatzen denean dimentsio afektiboa galtzen du, eta, monetizatzen ez bada, familiaren barruan ezkutatzen da, ikusezin bihurtuz. Banaketa hori gainditu behar da, eta zaintzaren beharra ikusarazi, zein garrantzitsua den ohar gaitezen” adierazi du Ana Fernándezek.

 

Viviendas colaborativas de Dunderbacken.

Dunderbacken, Stockholm.

 

Azterlanak dioenez, pertsona nagusientzako etxebizitza kolaboratiboek arazoaren ikuspegi berri bat ekarri dute, zeren sistema horrek aukera ematen baitie pertsona nagusiei oreka bat mantentzeko beren autonomiaren eta behar duten zaintzaren artean. Horrelako espazioetan bizi direnek beste faktore positibo batzuk ere azpimarratzen dituzte, hala nola sozializatzeko erraztasuna eta baliagarri izaten jarraitzeko gaitasuna. “Lagungarri izan nahi dute gizartean, baina beste leku batetik, beren gaitasunak aitortuak izan dakizkien” azaldu du ikerlariak.

 

“Zaintzaren arkitekturak” lanak Euskadin garatu diren lau proiektu ere aztertu ditu: Egunsentia (Bilbo), Housekide (Donostia), Ixileku (Gasteiz), eta Mendikoartea (Nafarroa). Hastapenetan dauden proiektuak dira, baina horrelako etxebizitzekiko interesa gero eta handiagoa da. Pertsona nagusi askok aukeran nahiago dute horrelako etxe batean bizi, bestela zaintzaren zama guztia familiaren gain utzi beharko lukete edo egoitza geriatriko batean sartu. Hala ere, ikerlariek diote oraindik badirela hesi ekonomikoak –etxebizitzen prezioa- eta kulturalak.

 

Viviendas colaborativas Fardknappen.

Färdknäppen, Stockholm.

 

Horrelako proiektuek funtziona dezaten bi alderdi garrantzitsu azpimarratu dituzte egileek ikerketaren ondorioetan. Batetik, espazioa, “espazioaren banaketa egokia lortuz gero, pertsonak elkarrekin bizi daitezke intimitatea bortizki galdu gabe, eta espazio intimotik publikorako trantsizioa askoz naturalagoa egiten da” dio Ana Fernándezek. Bestetik, “azpiegitura bigunak”, hau da, horrelako proiektuek funtziona dezaten beharrezkoak dira akordioak. “Metodoak sortu behar dira erabakiak hartzeko, gatazkak konpontzeko eta mugak jartzeko, horrela jakingo baitugu zer partekatu daitekeen eta zer ez”.

 

Azterlan hau, online eskuragai dagoena, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasun arloko ikerlanak egiteko Emakundek (Emakumearen Euskal Institutuak) urtero ematen duen bekaren barruan egin da. Egileak orain erakusketa ibiltari bat prestatzen ari dira Arkitektura Fakultatearekin eta Gipuzkoako Arkitektura Elkargoarekin batera, ikerketan aztertutako proiektuak erakusteko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow