UPV/EHUko ikertzaileak, NASAren misio bateko partaide

20 December, 2016

Estatuko beste unibertsitate batzuekin batera, zientzialariek, Martera igorriko den ibilgailu berriko kameraren kalibrazioa egingo dute

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikertzaile-talde batek, Estatuko beste hiru unibertsitatetako kideekin batera, Marteko azala aztertzeko espazio-agentzia estatubatuarrak (NASA) prestatu duen ibilgailu zientifiko berri baten misioan parte hartuko du.

 

Lau unibertsitateen arteko akordioan aurreikusi denez, agentziak Marten daukan ibilgailua ordezkatzeko 2020an bidaliko duen ibilgailu berriko kamerako instrumentuen kalibrazioaz arduratuko dira. SuperCam deritzon kamera horrek espektroskopiaren arloko bost teknologia aurreratu bilduko ditu planetaren azaleko arrokak eta zorua aztertzeko.

 

UPV/EHUk zabaldutako ohar baten arabera, instrumentu berriak berealdiko berrikuntza teknologikoa ekarriko du aurreko ibilgailuan zegoen kameraren aldean. SuperCam-ek seinale organikoak eta bio-organikoak bilatu eta planetaren azalean aurkitutako laginen mineralogia eta konposizio kimikoa, atomikoa eta molekularra zehazteko aukera eskainiko du.

 

Horren harira, Valladolideko, Euskal Herriko eta Malagako unibertsitateek eta Madrilgo Konplutentseak CamOnMars2020 deritzon partzuergoa eratu dute. Euskal hezkuntza-erakundearen arabera, lau unibertsitate publikoek sinatutako hitzarmena “aitzindaria” da, Estatuan ez baita egin orain arte talde unibertsitarioak soilik partaide dituen espaziorako garapenik.

 

Balizko bizitza-zantzuak esploratu, ingurune habitagarriak aztertu eta planeta gorriko klima, atmosfera eta geologiaren ikerketa hobetzea da Marte2020 izeneko misioaren helburua.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow