Tunisiak, Afrikako herrialde lehiakorrenak, ateak zabaldu dizkie euskal inbertsioei

20 May, 2013

– SPRIk interesatuta dauden enpresentzako jardunaldi bat antolatu du datorren ostegunean, hilaren 23an.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jardunaldi bat antolatu du Tunisiak euskal enpresei eskaintzen dizkien inbertsio aukerak azaltzeko. Datorren ostegunean (maiatzaren 23) izango da SPRIn, Enpresen Garapenerako Euskal Agentzian. Euskal enpresei Tunisiako inbertsio aukeren berri emateaz gain, baita ere azalduko zaie zein egoera politiko bizi duen herrialdeak 2011ko urtarrileko iraultzaren ondoren. Tunisiako FIPA (Foreign Investment Promotion Agency) erakundeak ere kolaboratzen du ekimen honetan.

Topaketan izango dira, besteak beste, M’hamed Ezzine Chefaila, Tunisiak Espainian duen enbaxadorea (herrialdearen egungo egoera politikoa azalduko du); Amina Mkada, FIPAko (Foreign Investment Promotion Agency) zuzendaria Espainian eta Portugalen eta Leila Tekaya, ONTTeko zuzendaria (Tunisiako Turismo Bulego Nazionala), zeinak Tunisiako turismo sektorearen egoera aurkeztu baitu.

Topaketara doazen enpresek lehen eskutik ezagutuko dute KAIKUk Tunisian izan duen esperientzia, KAIKU Internacional Saileko zuzendari Juan Trincadok azalduko duen kasu praktiko baten bidez.

Arratsaldean, hitzaldiak amaitu ondoren, interesatuta dauden enpresek bilera indibidualak egin ahal izango dituzte ekitaldian parte hartu duten erakundeetako ordezkariekin (SPRI, FIPA edota ONTT).

Azken bost urteotan euskal esportazioen lehenengo 40 jomugen artean kokatu da Tunisia. Magrebeko herrialdeen artean hirugarren garrantzitsuena da, Maroko eta Aljeriaren atzetik.

Tunisiak merkataritza jarduera handiari eta turismo industriaren potentzialari zor dio bere hazkunde ekonomikoa egonkortu izana. 11 milioi kontsumitzaileko merkatu potentziala du eta 44,7 bilioi dolarreko (USD) BPG gordina erregistratu zuen 2012an. Tunisiako ekonomia %3,6 hazi zen iaz eta 2013rako helburutzat hartu du %4,5 haztea.

Magreb Arabiarraren Batasuneko eta eskualde horretako beste hainbat antolakunde ekonomikotako kide izateaz gain, 40. postuan dago mundu mailako eskalan World Economic Forum 2011-2012 txostenaren sailkapenean eta postu bera mantentzen du, 2011ko “Jasminaren iraultza”k berekin ekarri zuen ezegonkortasun epea igaro ondoren ere, batik bat kalitate eta lehiakortasun handiko giza baliabideak dituelako, azpiegitura modernoz horniturik dagoelako eta jomuga turistiko oso erakargarriak eskaintzen dituelako.

EBrekiko duen estatusaz beste (EBn kontzetratzen da Tunisiako kanpo merkataritzaren %80), hainbat merkataritza hitzarmen pribilegiatu ditu sinaturik Magrebeko eta Arabiako herrialdeekin, eta Afrikako zenbait merkatutarako lehentasunezko sarbidea eskaintzen du alde biko akordioen markoan. Aipatu ezaugarri horiengatik eta baita ere bere kokapenagatik, Mediterraneoaren erdian baitago, Tunisiak baldintza oso onak eskaintzen ditu beste herrialde batzuetara sartzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow