Tren eraginkorragoak eta jasangarriagoak merkantziak garraiatzeko

12 January, 2017

FR8RAIL proiektu europarrak tren bidezko garraioaren kostua % 10 murriztea du helburu

 

Garraiobideen efizientzia hobetzea nahitaezko betebeharra bilakatu da Europako bidaiari eta merkantzien eskari gero eta handiari aurre egin ahal izateko. Testuinguru honetan sortu da Europako Batzordearen FR8RAIL proiektua, Ceit-IK4 euskal zentro teknologikoa partaide duena.

 

Ekimenean, guztira, 18 eragilek lankidetzan dihardute, Europan errepide-sareak arintzea ahalbidetuko duen tren-garraio jasangarria eta erakargarria garatzeko asmoz. Horretarako, proiektuak % 10 murriztu nahi ditu tren bidezko merkantzia-garraioaren kostuak eta % 20 itxaronaldiak.

 

Proiektuak beharrezko teknologiak garatuko ditu zerbitzu eraginkorragoa eskainiko duten trenak fabrikatu ahal izateko, eta horiei esker, % 30 murriztu nahi du 2030a baino lehen errepide bidezko merkantzia-garraioa 300 kilometrotik gorako distantzietan, eta % 50 2050erako, zentro teknologikoak ohar batez jakinarazi duenez.

 

Ikerketa ardatz duen ekimen honen bitartez, mantentze-lan prediktiboetarako, telematika eta elektrifikaziorako, bagoi eta errodaje-tren berrien garapenerako eta akoplagailu berrietarako teknologiak sustatuko dira.

 

Zentro teknologikoak telematika eta elektrifikazioko ikerketaren arloan lan egingo du. Haren lana, garraiatu beharreko kargari egokitutako posizionamendu-teknika berriak garatzea izango da, merkantzia une oro monitorizatuta egon dadin.

 

Proiektu hau trenen inguruko ikerketa eta garapena xede duen Shift2Rail ekimen europarraren barruan gauzatuko da. Honen helburua, garraio-sistema lehiakorragoa lortu eta trenek garraio-sisteman eta bereziki merkantzien garraioan duten garrantzia indartzea da.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow