Teknologia katalitikoak hiri-hondakinak kudeatzeko

13 October, 2016

UPV/EHUren ikerketa batek hondakin solidoen erraustegietan katalizatzaileak erabiltzea proposatzen du gas kutsatzaileen emisioak murrizteko

 

Hiri-hondakinen kudeaketa udal administrazioei dagokien garrantzi handiko erronka da, hondakinak birziklatzeko orduan ingurumenaren mesedeko programa jasangarriak aplikatu behar baitituzte.

 

Gaur egun, hiri-hondakin solidoak erraustu egiten dira, eta prozesu horretan, toxizitate handiko partikulak sortu ohi dira, hala nola, nitrogeno-oxidoak eta dioxinak. Horiek guztiak tratatu egin behar dira atmosferara isuri aurretik.

 

Testuinguru honetan, Miren Gallastegi UPV/EHUko doktoreak eta bere lantaldeak erraustegietan teknologia katalitikoa aplikatzeak partikula kutsatzaileen emisioak murrizteko eskainiko lituzkeen aukerak ikertu dituzte.

 

Orain arte, nitrogeno-oxidoak deuseztatu eta dioxinak era independente batean suntsi daitezkeela egiaztatu ahal izan da, baina ez zegoen zientifikoki aztertuta bi prozesuak aldi berean egiteko aukera.

 

Gallastegiren ikerketak prozesu bateratua aztertu du, eta katalizatzaile konbentzionalak zein ordezko formulak erabili ditu horretarako. Esperimentuak nitrogeno-oxidoak deuseztatu eta dioxinak suntsitzeko erreakzio kimikoak bizkortzea lortu du, tenperatura txikiagoaz eta eraginkortasun handiagoaz lortu ere, erakunde akademikoaren ohar baten arabera.

 

Katalizatzailean gertatzen diren prozesu kimikoak aztertu ondoren, Gallastegik bertatik bertara egiaztatu ahal izan du, alde batetik, nitrogeno-oxidoa murriztu eta nitrogeno bihur daitekeela, eta bestetik, dioxinak suntsitu eta gas-konposatu geldo bilaka daitezkeela.

 

“Garatu ditugun katalizatzaile berriak erabiliz eta prozesuaren aldagaiak optimizatuz gero, gaur egungo erraustegietako azpiegiturak erabili ahal izango lirateke, aldaketa handirik egin gabe, kutsatzaileak aldi berean deuseztatzeko. Oso aukera onuragarria da ingurumenerako, eta gainera, ez luke inbertsio handirik beharko instalazioetan, kontuan hartzeko moduko energia-aurrekia eraginez”, azaldu du Miren Gallastegik.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow