Teknologia aurreratua industria arloko zibererasoei aurre egiteko

15 December, 2016

IK4-Ikerlan enpresetako segurtasun informatikoa indartzeko soluzio bat bilatzea xede duen europar proiektu batean parte hartzen ari da

 

IK4-Ikerlan euskal zentro teknologikoa, Europar Batasunak industriako azpiegitura kritikoen kontrol-sistemen segurtasun informatikoa indartzeko premiazko teknologiak eta metodologiak garatzeko abiarazi duen Cidatel proiektuan parte hartzen ari da.

 

Internet bidezko informazio-trukeak eta makinen arteko interkonexioak informazio-lapurretak eta sabotajeak bezalako arriskuen aurrean jartzen dituzte enpresak. Testuinguru honetan, proiektuaren partzuergoa osatzen duten enpresek, ikerketa-zentroek eta erakunde akademikoek elkarlanean dihardute zibersegurtasunaren kudeaketa eraginkorra ahalbidetuko duten tresna informatiko berriak bilatzeko.

 

Euskal erakundeak zabaldutako ohar baten arabera, orain arte hainbat sistematan banatuta zeuden segurtasun-funtzionalitateak plataforma informatiko bakar batean biltzeko behar den teknologiaren garapena da bi urteko iraupena eta 6 milioi euroko aurrekontua duen proiektu honen berritasunetako bat.

 

Europar ekimenak MILS (Multiple Independent Levels of Security) delako kontzeptu moldagarria ere aplikatuko du. Soluzio teknologiko honek eboluzionatzeko eta egokitzeko aukera ematen die sistemei, mehatxu informatiko berrietatik babestu ahal izateko.

 

Proiektu honetan garatzen den teknologia Pragako (Txekiar Errepublika) metroan probatuko da, segurtasun-maila desberdinetako komunikazio-sareak interkonektatuz. Gainera, fabrikazio-lantegi batean eta ahots bidezko komunikazio-ekipamentu batean kasu pilotuak abiaraztea aurreikusi da.

 

Industriako zibersegurtasunaren arloan, IK4-Ikerlanek lankidetzan dihardu Orona euskal igogailu-enpresarekin, Basque Industry 4.0 programari atxikitako proiektu baten barruan. Gaur egun, bi erakunde hauek igogailuetan informazio-teknologia sartzeko ahaleginean murgilduta daude, datu-truke segurua bermatu eta zerbitzua hobetzen laguntzeko.

 

 

IK4-Ikerlanen aurkezpen bideoa

[embed_blog_up_euskadi id=”2″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow