Mugarik gabeko talentuak arazo sozialak konpontzeko

2 February, 2017

B.creative sareak gazteentzako sariketa bat antolatu du.

 

b.creative ekimenak nazioarteko lehiaketa bat antolatu du artista eta gazte ekintzaileentzat. Hautagiek ideia bat aurkeztu beharko dute konponbide bat bilatzeko gizartean, kulturan edo ingurumenean ditugun erronkentzat. Europako Batzordeak finantzatutako proiektu horrek helburutzat dauka diziplinak nahastea eta kultur trukea sustatzea zerbitzu, produktu edo proposamen berritzaileak sortzeko.

 

Hona hemen Creative Tracks – Talents without frontiers lehiaketara aurkeztu daitezkeen proposamenak: klima aldaketarekin, ongizate fisiko eta mentalarekin, mugikortasun sostengarriarekin, baliabideen erabilpen adimentsuarekin, kohesio sozialarekin eta, besteak beste, hezkuntza jasotzeko eskubidearekin zerikusia dutenak. Epaimahaiak batez ere baloratuko du zenbateko gaitasuna duen proiektuak sektore desberdinen arteko lankidetza sustatzeko eta nolako potentziala duen inguruan inpaktu positiboa eragiteko.

 

Deialdia zabalik dago apirilaren 28ra arte, eta kultur sektoreetako ekintzaileei zuzentzen zaie, baina kultur sektoreak ikuspegi zabal batetik ulertuta, hau da, horren barruan sartzen dira ikusizko arteak, diseinua, musika eta arte eszenikoak, bideojokoen garapena, gastronomia edota ikus-entzunezko edukien sorkuntza. Ideia hautatua uztailean jakinaraziko da, eta irabazleak laguntza eta hazkuntza programa batean parte hartu ahal izango du. Gainera, bere ekimena aurkeztu ahal izango du abenduan Shenzhen hirian (Txinan) egingo den b.creative nazioarteko topaketan.

 

B.creative sorkuntza industriekin lotutako Europako eta nazioarteko 1.200 bat elkarte eta profesionalez osatutako komunitate bat da. Sareak helburutzat dauka diziplina artistiko, tekniko eta zientifiko desberdinen arteko trukea sustatzea, proiektu berritzaileak sortzeko arlo sozial, ekonomiko eta teknologikoan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow