Ssab multinazionalak altzairuzko piezak ekoizteko fabrika berri bat ireki du Irunen

1 November, 2016

Ssab Swedish Steel multinazional suediarrak altzairuzko piezak diseinatzeko fabrika berri bat inauguratu du Irunen (Gipuzkoa). Expansión aldizkariaren arabera, konpainiak kokaleku hori aukeratu du hurbil dagoelako Pasaiako portutik, non gordetzen baitu itsasontziz ekartzen duen altzairua. Euskal siderurgiak bizi duen momentu latz honetan iritsi da enpresa berri hori Euskadira; une benetan latza, Arcelor Mittalek Zumarragako (Gipuzkoa) fabrika itxi duelako eta Sestaoko (Bizkaia) produkzioa murriztu duelako.

 

Fabrika berriak altzairuzko piezak diseinatu, ebaki eta fabrikatuko ditu, eta pieza horiek batez ere sektore hauetarako izango dira: meatzaritza, energia, birziklapen, harrobi, zementu fabrika, metalurgia, arrantza eta nekazaritza. Ssab fabrikak goi-mailako kalitatedun altzairua erabiliko du, zuzenean Suediatik ekarriko du itsasontziz Pasaiara, eta enpresak portuan daukan biltegian gordeko da. Muga elastiko handiko altzairua da (strenx) eta higaduraren aurkakoa (hardox).

 

Era horretako altzairuak bereziak dira, erresistentzia handikoak, oso desberdinak Arcelor Mittalek Euskadin dituen fabriketan ekoizten duenarekin alderatuta, diote enpresako arduradunek. Suediako multinazionalak fabrikak ditu Suedian, Finlandian eta Estatu Batuetan, 14.000 enplegatu dauzka, eta 50 herrialdetan saltzen ditu bere produktuak. Gainera, Ssab-ek 275 zentroko mundu mailako sarea du piezak diseinatu eta ebakitzeko, eta baditu enpresa bazkideak ere. Sare horren barruan sartuko da Irungo fabrika berria, kasu honetan, siderurgiako enpresa suediarrarena soilik izango dena.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow