Bergarako Larramendi industrialdean bi eraikin eraikitzen hasiko da Sprilur urtarrilean

21 November, 2016

415 m²-ko azalerako eraikin industrial batek eta eraikin komertzial batek osatuko dute Larramendi industrialdeko lursail urbanizatuen eskaintza. 3,5 milioi euroko inbertsioa egingo da eta eraikuntza lanak 12 hilabete iraungo du.

 

Sprilur-ek, SPRI Taldearen menpeko eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako sozietateak, berrikitan argitaratu du  eraikin biren eraikuntza-lanen kontratazioa. Eraikinak Bergarako Larramendi Industrialdean egingo dira, erabilera industrial eta komertzialeko lursail banatan.

 

Proiektu horren barruan pabilioiak eta lokalak eraikiko dira bi lursailetan, bata 7.650 m²-koa eta erabilera industrialerako (C lursaila), eta bestea 765 m²-koa eta erabilera komertzialerako (K lursaila).  Eraikin industrialari dagokionez, 360 m² eta 2.000 m² bitarteko 17 pabilioi modular eraikiko dira

 

Erabilera komertzialerako lursailaren kasuan, behe solairua + bi altuera eraikiko dira, bakoitza 255 m²-koa. Behe solairua gardena izango da kafetegi-jatetxe bezala erabili ahal izateko, eta goiko bi solairuetan bulegoak egingo dira, bakoitza 100 m²  ingurukoa.

 

3,5 milioi euroko inbertsioa egingo da lanak burutzeko. Inbertsio gehiena –3 milioi euro– eraikin industrialak egiteko baliatuko da, eta gainerako 0,5 milioiak eraikin komertziala egiteko.

 

Bergarako Larramendi Industrialdean eraikin eta lokal eraikiak eskaintzeko aukera berri honen bidez erantzuna eman nahi zaio Sprilur-ek detektatu duen eskaera igoerari eta enpresek ingurune horretan horrelako espazioak eskuratzeko agertu duten interesari. Halaber, bi eraikin horiekin osatu egingo da jarduera ekonomiko handiagoei zuzendutako lurzoru industrial urbanizatuko lursailen eskaintza. Eraikin berri horiei esker industrialdeak aniztasuna eta dimentsioa irabaziko du, eta enpresa-sinergiak sustatuko dira. Une honetan jarduera desberdinak garatzen dituzten bost bat enpresak jakinarazi dute lokal eta pabilioi horietan kokatu nahiko luketela.

 

Bergarako Larramendi industrialdean egiteko den proiektu industrial berri honetan parte hartu nahi duten enpresa eraikitzaileek abenduaren 7ra arteko epea dute euren eraikuntza-proposamenak aurkezteko. Behin esleipen prozesua bukatu ondoren, Sprilur-ek asmoa du urtarrilean hasteko 12 hilabetez luzatuko diren eraikuntza-lanak.

spri-sprilur plano poligono Larramendi

Bergarako Larramendi Industrialdeko lursail industrial urbanizatuak

 

Sprilur-ek 2010ean bukatu zuen Bergarako Larramendi industrialdearen urbanizazioa. Bergara beti izan da udalerri industriala, sektore metalurgikoari bereziki lotua, eta oso garrantzitsua Deba Garaiko eskualdearentzat.

 

Une honetan, Larramendi industrialdeak lurzoru industrial urbanizatuko 9 lursail ditu eskuragarri, guztira 149.352 m²-ko azalera erabilgarria dutenak. Lursail urbanizatuek 510 m²-ko azalera dute oinplantako okupaziorako eta 612 m²-koa eraikuntza aprobetxamendurako,  beren instalazioak beren kabuz eraiki nahi dituzten enpresentzat.

 

Larramendi industrialdeak era askotako azalerak, eta erabilera eta jarduera motak eskaintzen ditu, hurbil dago komunikazio lotune oso garrantzitsu batetik –Beasain-Durango ardatza– AP-1 autobidetik, eta aukera ematen du euskal hiriburuekin konektatzeko Eibarko AP-8tik, distantzia berdinera dagoelako Bilbotik, Donostiatik eta Gasteiztik.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow