Winoa Ibérica enpresak Balmasedan izango duen lantegi berria badoa gora, exekuzio aurreikuspenen barruan

5 December, 2016

Lantegiak izango dituen 4 eraikinen egitura aurreikusitako exekuzio-epean gauzatu da.

 

Eraikuntza-lanak 2017ko ekainean amaituko dira, eta 3,45 milioi euroko aurrekontua dute.

 

Winoa Ibérica enpresak Balmasedako Arla industrialdeko lursail batera eramango du bere jarduera, eta horretarako lantegi berri bat eraikitzen ari da, zeinaren eraikuntza-lanak aurrera baitoaz Sprilur-ek aurreikusitako exekuzio-epeen barruan. Sprilur SPRI Taldearen menpeko enpresa-guneen kudeaketa eta sustapenerako sozietate publikoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikita dago.

 

Lankidetza publiko-pribatuko esparruan Winoa Group taldearekin sinatu zuen hitzarmenari jarraituz, Sprilur iragan ekainean hasi zen eraikitzen Winoa Ibérica enpresaren granaila lantegiko 4 nabeak. Bost hilabeteko lanen ostean eraikinak badu 11 metroko garaiera, eta lanak aurrera doaz erritmo onean.

 

Granaila fabrikatzeko lau eraikinen egitura eginda dago jadanik, eta hurrengo fasean hormak egingo zaizkie, hormigoi eta txapa metalikozko panel aurre-fabrikatuak erabiliz. Proiektuan aurreikusten da beheko solairua+solairu bat egitea, berezitasun honekin: nabeak elkarri lotuta egongo dira, fabrikazio prozesuen banaketa eta elkarren arteko komunikazioa hobetzeko.

 

Lanak beste 7 hilabete luzatuko dira, eta aurrekontua 3,45 milioi eurokoa izango da.

 

Bulegoen eraikinari dagokionez, Winoa Ibérica enpresa izango da kudeatzailea eta lanen arduraduna; lan horiek ere martxan daude jadanik, fabrikaziora bideratutako nabeen eraikuntzarekin batera.

 

Winoa Ibérica lantegia 28.927 m²ko azalera batean egingo da, eta 16.619 m²ko okupazioa izango du; azalera eraikigarria, berriz, 10.191 m²koa izango da.  Fabrikazio lanetarako lau nabe horiez gain, beste espazio batzuk eraikiko dira bulegoak egiteko eta zerbitzuetarako eranskinak jartzeko.

 

Balmasedako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Winoa Ibérica enpresak elkarrekin sinatutako hitzarmen publiko-pribatu hori betetzea onuragarri izango da Enkarterrietako garapen estrategikorako proiektua zabaltzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow