SPRIk lehen jardunaldia antolatu du aplikazio informatikoak eta Internet euskaraz lantzeko behar diren giltzarriak emateko

15 April, 2013

– Ekimen honi esker, beren eguneroko lanean euskaraz ari direnek aukera izango dute eskura dituzten IKT tresnak ezagutzen eta baliatzen ikasteko.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jardunaldi bat antolatu du SPRIren (Garapen Ekonomikorako Euskal Agentzia) “Enpresa Digitala” programaren bitartez, eta jardunaldi horren helburua da aplikazio informatikoak eta Internet euskaraz ezagutzeko eta lantzeko behar diren giltzarriak ematea.

Euskal langile eta enpresa asko ari dira euskaraz lan ingurunean, baina aplikazio informatikoak edo Internet erabiltzen dituztenean ez dira euskaraz mintzatzen, nahiz eta tresna eskaintza zabala izan eskura.

Askotan, euskaraz ez aritzeko arrazoia gehiago izaten da erabiltzaileen ohiturarik eza edo sistemek eskaintzen dizkiguten aukerak ez ezagutzea, hartarako aukerarik ez izatea baino. Hala, jardunaldi honetan aukera guztiak aurkeztuko dira eta baita ere erakutsiko da nola inplementatu aplikazio horiek eta nola parte hartu aplikazioak euskarara itzultzen eta gaur egungo eskaintza zabaltzen ari den komunitatearen lanean.

Jardunaldia Arrasaten egingo da apirilaren 17an eta Zamudion maiatzaren 2an. Lehen zatian, euskarak informatika munduan eta sarean une honetan duen egoeraren argazkia egingo da hainbat alderdi aztertuta: Euskaldundu zure ordenagailua. Euskararen egoera informatika eta komunikazioaren arloan. Nabigatu euskaraz. Euskara lainoan ere. Sistema eragileen egoera. Nola jar dezaket nire ordenagailua euskaraz? MacOSX, Windows, GNU/Linux. Posible da? Aplikazio ofimatikoak: Microsoft Office, Libreoffice. Hiztegiak eta zuzentzaile ortografikoak.

Bigarren zatian, berriz, euskarak mugikorren eta tableten ingurunean duen presentzia aztertuko dute: sistema eragileak: iOS vs Android eta beren aplikazioak. Amaitzeko, ibilbide labur bat egingo dute euskara informazio gizartean sartzea helburutzat duten eta dagoeneko martxan dauden proiektuak erakutsiz.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow