Spaghetti western estiloko bideojoko bat

2 March, 2017
Unforgiven, PCrako onlineko jokoa jokalari anitzentzat.

Delirium Studios-ek errealitate birtualeko duelu-joko bat merkaturatu du.

 

Unforgiven jokoaren mekanika aski erraza da: mundu birtual bat da, mendebalde urruneko herri batean girotuta dagoena, non jokalariek hil ala biziko dueluak egiten dituzten online. “Ideia sinplea badirudi ere, inori ez zaio bururatu lehenago, eta ikusi dugu erraz ikasten dela eta atxikimendu handia sortzen duela” azaldu du Arturo Monederok, Delirium Studios-eko zuzendari sortzaileak; “aurkitu dugu jokalari-nitxo bat horrelako zerbaiten zain zegoena: partida oso azkarrak errealitate birtualean”.

 

Bilboko estudioaren azken garapenak Unforgiven du izena, eta aurrerago sortuak ditu baita ere Los ríos de Alice eta Los Delirios de Von Sottendorff y su mente cuadriculada bideojokoak. Aurreko izenburuak intimistagoak eta garapen luzekoak ziren; joko honek, ordea, arcade-ren eta partida azkarren aldeko apustua egin du, eta bere erakargarritasun nagusia da mendebaldeko dueluetan murgildu beharra dagoela beste jokalari batzuen aurka.

 

Jokoa Steam plataforman merkaturatu zen otsailaren 23an, early access bertsioan; eta bakarrik lehen asteburuan 400 jokalari izan ditu, zeintzuek 3.000tik gora duelu egin baitituzte. Formula horrekin prezio baxuagoan eskaintzen da jokoa merkaturatu aurretik, komunitateak beta formatuan probatu dezan eta hobekuntzak proposatu ditzan. “Delirium estudioak lehenengoz egin du proiektu bat, zeinetan hasieratik entzun baitzaio jokalari komunitateari, horrela gai izan garelarik jokalarien premiak askoz hobeto asetzeko”, azaldu du Arturo Monederok, “gainera, ekonomikoki oxigeno baloi baten modukoa da eta balio du ikusteko ideiak funtzionatzen duen ala ez”.

 

Unforgiven PCrako eta HTC Vive betaurrekoentzat garatutako onlineko joko bat da, baina aurreikusi dute Oculus Rift gailuarentzat ere egokituko dutela. Lantaldea duela lau hilabete hasi zen lanean proiektuarekin; hauxe da errealitate birtualean eginiko bideojokoen belaunaldi berrien beren lehen garapena, eta harrera ona izan duenez, espero dute datozen hilabeteetan funtzionaltasunak zabaltzen jarraitzea.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow