Bertako produktuari balioa emateko ebaluazio-sistema

26 January, 2017

AZTI eta NEIKER zentroek elikagaien sostengarritasuna neurtzeko tresna bat aurkeztu dute.

 

Tokiko elikagaien produkzioak ageriko onurak ditu gizartearentzat. Enplegua sortzen du, ingurumen-aztarna txikiagoa eragiten du, eta posible egiten du lurraldeko kulturarekin lotutako produktu propioak mantentzea. Elikaduraren industriak 15.000 lanpostu eta 4.400 milioi euro inguruko salmentak sortzen ditu urtero Euskadin, eta 2015ean %5eko hazkundea izan du. Hala ere, tokiko ekoizleentzat zaila da inportatutako elikagaiekin lehiatzea, kanpoko produktuek prezio baxuagoak dituztelako eta ez daukatelako tresnarik herritarrei erakusteko nolako balio erantsia duen bertako produktuak kontsumitzeak, bai ingurumen arloan eta bai ekonomian nahiz gizartean.

 

AZTI eta NEIKER ikerketa zentroek ebaluazio-sistema bat garatu dute bertako elikagaien sostengarritasuna ebaluatzeko, eta hala, ekoizle zein kontsumitzaileei neurketa-tresna zorrotz eta egiazko bat eskaintzeko. Eusko Jaurlaritzak finantzatu du proiektua Ekonomi Garapena eta Azpiegiturak Sailaren bitartez.

 

Sistemaren metodologiak adierazle desberdinak erabiltzen ditu produktua modu estandarizatu eta integralean neurtzeko. Ingurumen arloan, adibidez, hainbat alderdi barne hartzen ditu: errepidean egindako kilometroak, bio-aniztasuna errespetatzea eta baliabide mugatuen erabilpena. Gizarte eta ekonomi arloetan, bestelako aldagaiak neurtzen dira: enplegu sorkuntza, euskal kultura gastronomikoa mantentzea edota prozesuan zehar irabaziak banatzea, adibidez. Tresna berri horrek aukera ematen du ekoizleen ahuluneak identifikatzeko eta horrela beren prozesuak optimizatzeko.

 

Proiektua abantailatsua da produkzio eta kontsumo katean inplikatutako eragile guztientzat. Elikagai enpresei konponbide integral eta sinple bat ematen die beren produktuen balio erantsia erakusteko eta enpresan egin ditzaketen hobekuntzak detektatzeko; Administrazio Publikoarentzat sostengarritasuna hobetzeko tresna bat da; eta herritarrei informazio argi eta estandarizatua ematen die kontsumitzen dituzten produktuei buruz.

 

Adierazle multzo hori urtarrilaren 20an aurkeztu zen, AZTIk eta NEIKERek antolatutako Nola sustatu bertako elikagaien iraunkortasuna? jardunaldian. Une honetan, sistema fase pilotuan dago, baina aurreikusten da merkatura sartuko dela etorkizun hurbilean.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow