Gamifikazioaren inpaktu soziala aztergai “Serious Games Camp” topaketan

11 January, 2017

Ekitaldian, prestakuntzaz gain, proiektuen aurkezpenak eta networking saioak egingo dira.

 

Datozen urteetan serious games jokoek batez ere osasunean, hezkuntzan eta prestakuntza korporatiboan izango dute beren jarduera-esparru handiena. Joera hori 8.300 milioi dolar sortzera iritsi liteke 2019an, “Ambient Insight 2015” azterlanaren arabera. Serious games jokoek jolasaren teknikak aplikatzen dituzte motibazio handiagoa lortzeko helburu oso desberdinekin, besteak beste, ezagutza berriak barneratzea gaixotasunak tratatzeko edota ohitura osasuntsuagoak sustatzea.

 

Datorren urtarrilaren 25ean egingo da Ermuan Serious Games Camp ekitaldiaren lehen edizioa, zeinaren helburua baita teknologia horiek dakartzaten aukerak sustatzea, inpaktu sozial positiboa sortzen dutelako eta negozio-eredu berriak ekar ditzaketelako lurraldearentzat. Jardunaldian publiko guztientzako prestakuntza-espazio bat antolatuko da, hots, osasunaren eta hezkuntzaren esparruetarako serious games konponbideak azalduko dituen showroom bat, eta startup eta ekintzaileentzako beste espazio bat ere bai, beren proiektuak erakutsi ditzaten inbertitzaile eta enpresen aurrean.

 

Egitarauan badaude hitzaldiak ere, besteak beste, gai hauei buruzkoak: joko serioen etorkizuneko joerak, errealitate birtualaren eta handituaren erabilpena, negozio aukerak eta finantzaketa bide posibleak. Jardunaldiaren amaieran, ekintzaile eta ikasle taldeek garatutako ekimenak aurkeztuko dira. Proiektu berritzaileenak 9.000 euro jasoko ditu, eta aukera izango du inkubazio programa batean parte hartzeko Izarra Centre-ko Ermua City Lab espazio berrian.

 

Topaketa bereziki zuzentzen zaie enpresa teknologikoei, osasunarekin eta hezkuntzarekin lotutako erakundeei, paziente komunitateei, irakasleei eta serious games jokoen munduan sartu nahi duen edonori. Bertaratuek aztergai izango dituzte adibide praktikoak, alegia, alor horretan sortu diren produktu berritzaileak: esaterako, tratamendu medikoak hobeto onartzeko aplikazio mugikorrak, laneko arriskuak prebenitzeko errealitate birtualeko jokoak edota gamifikazio teknikak erabiliz pazienteei prestakuntza emateko proiektuak.

 

Apoyo Dravet, Humantiks eta Izarra Fundazioak antolatu dute Serious Games Camp, Eusko Jaurlaritzaren eta Ermuako Udalaren laguntzarekin. Ekitaldia Ermua City Lab proiektu berriaren barruan kokatzen da; living lab hori Apoyo Dravet erakundeak bultzatu du, produktu eta zerbitzu berritzaileak sortzeko zahartze aktiboaren, ezgaitasunaren eta gizarteratzearen esparruetan.

Serious Games Camp

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow