Zahartzearen erronka aukera bihurtua Urola Kostan

22 December, 2016

Prospektiker-ek analisi bat egin du etorkizunerako ekimenak proposatzeko.

 

Urola Kostan, beste eskualde askotan bezala, aldaketa demografikoak erronka bat dira etorkizun ekonomiko eta sozialerako, batetik, biztanleria zahartu egingo delako, eta bestetik, lan egiteko adinean dauden pertsonak gutxiago izango direlako. Erronka hori aukera bihurtu nahian, Prospektiker-ek ikerketa bat garatu du, berrikuntza soziala aplikatuz konponbide berriak bilatzeko.

 

Proiektuaren helburua da “etorkizuneko eraldaketa demografikoaren ondorioz gertatuko diren aldaketei buruz informatzea eta aukerak eta mehatxuak identifikatzea”, esan du Ibon Zugastik, Prospektiker-eko kudeatzaileak. Asmo horrekin, ikerketa prozesu bat hasi zuten urtearen hasieran Urola Kostako Mankomunitatearekin batera. Prozesu horren helburua zen proposamen berritzaileak garatzea kalitatezko enplegua sortzeko eta hiritarren bizi-kalitatea hobetzeko.

 

Ikerketaren lehen zatian, eskualdeko mehatxu eta aukerak aztertu ziren, gero Urola Kostaren ezaugarriei gehien egokitzen zaizkien formulak identifikatzeko. Emaitza bezala, hainbat estrategia garatu dira hiru esparru hauetan: jaiotza-tasa, lanerako adina duten biztanle kopuruaren murrizketa, eta silver ekonomia, hau da, pertsona nagusientzako produktu eta zerbitzuetan zentratzen dena.

 

Jaiotza-tasari dagokionez, hainbat ekimen identifikatu dira, horietako bat da haurtzaindegi-eredu berriak bultzatzea, eta horrek berekin ekarriko luke jarduera ekonomiko berri bat sortzea. Era berean, laneko eta etxeko bizitza bateratzeko proposamenak definitu dira, eta baita ere talentua eskualdera erakartzeko formulak, batez ere, eskualdetik alde egin duten herritarrei zuzenduak. Azkenik, negozio aukera berriak identifikatu dira pertsona nagusiei zuzendutako esparru hauetan: turismoa, aisialdia, osasuna eta ongizatea.

 

Proiektuaren helburua da “zerbitzu berrien premiak eta ondorio kaltegarriak jasango dituzten sektoreak aurreikusi eta identifikatzea” azaldu du Ibon Zugastik, “horrela, aurrea hartu ahal izango diegu aldaketei, aurrera egiteko aniztasunean eta lan aukera berrien sorkuntzan”. Ikerketaren emaitzak Urola Kostako Mankomunitateari jakinarazi zaizkio, negozio aukera berriak sortzeko balio dezaten ekintzailetzari laguntzeko zerbitzuen barruan. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du proiektua.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow