Etorkinen eskubide politikoak aldarrikatuz

24 November, 2016

“Cesión de Voto” ekimenaren xedea da parte-hartze hesiei buruzko eztabaida zabaltzea.

 

CEAR-Euskadi GKEaren helburua da giza eskubideak defendatzea eta bazterkeria arriskuan dauden etorkin eta errefuxiatuen garapen integrala ahalbidetzea, gizartean integratzera eta parte hartzera bideratutako ekintzak bultzatuz. Bere lan-ildoen barnean, erakundeak Cesión de Voto ekimena jarri du martxan, kolektibo horren eskubide politikoak aldarrikatzeko.

 

Gaur egun, ezinbestekoa da Espainiako nazionalitatea izatea Estatuko hauteskundeetan parte hartzeko eta eskubide osoko herritar bezala aitortua izateko. Espainiako nazionalitaterik ez dutenek, udal hauteskundeetan baino ezin dute bozkatu, eta beti ere Europar Batasuneko 28 herrialdeetakoren batekoak badira edo alde biko ituna sinatua duten EBtik kanpoko 12 herrialdeetakoren batekoak badira. Egoera horrek izugarri mugatzen ditu etorkinen eskubide politikoak, baina hori ez da leku guztietan horrela. Zenbait herrialdetan, posible dute parte hartzea eskualde mailako hauteskundeetan, eta beste zenbaitetan bertakoen eskubide berberak aitortzen zaizkie denbora jakin bat badaramate bizitzen herrialdean (esaterako, Argentinan, Ekuadorren, Txilen edo Zeelanda Berrian).

 

CEAR-Euskadi antolakundearen proiektuak eskatzen du bertako norbaitek etorkin bati laga diezaiola bere botoa, erabil dezan une honetan debekatuta daukan eskubide hori. Keinu horren atzean prestakuntza eta jabekuntza prozesu bat dago, aldez aurretik tailerrak eta saioak egiten direlako prozesuan parte hartu nahi dutenekin, besteak beste, honakoak lantzeko: Espainiako hauteskunde sistemaren ezaugarriak, alderdi desberdinen programak eta parte hartzeko bide politikoak hauteskundeez harago.

 

“Cesión de Voto” ekimena 2014an jarri zen martxan, eta bost hauteskundetan egin da harrezkero, guztira 46 boto laga direlarik. Proiektuaren helburu nagusia da desberdintasun egoera hori bistaratzea, eta eztabaida zabaltzea etorkinen eta errefuxiatuen eskubide politikoei buruz, aurrera egiteko erabateko integraziorantz eta kultura arteko bizikidetzarantz.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow