2017rako iragarpenak: hasi robotetatik eta sofako boluntarioetaraino

15 December, 2016

NESTAk argitara atera ditu datorren urtean berrikuntza sozialaren arloan nagusi izango diren 10 joerak.

 

Lan mundua automatizatzea eta gizarte digitalaren ubikuotasuna dira gure etorkizun hurbila markatuko duten joera askoren ardatza, NESTA berrikuntza agentzia britainiarrak 2017rako egin dituen iragarpenen arabera. Etorkizun posible horietan badaude hezkuntza ereduen aldaketak, kolaboratzeko modu berriak eta geure datuak kontrolatzeko tresnak.

 

Hezkuntza eraldaketa betean dago, eta ez eskoletan bakarrik. Adimen artifizialak eta robotizazioak azkar eboluzionatuko dute datozen hamarkadetan, eta horrek aldatu egingo du lanaren ekosistema: hainbat profil desagertuko dira, eta berriak sortuko dira. Horregatik, gero eta garrantzi handiagoa izango du helduentzako eta bizi osorako hezkuntzak, ezinbestekoa izango baita eguneratzea eta gaitasun berriak barneratzea, dela ezagutza digitalen arloan edo dela gizakiak berezkoak dituen eta automatizatu ezin diren abilezietan. NESTAko zuzendari Geoff Mulgan-ek dioenez, gobernuek helduentzako prestakuntza politikak bultzatzen hasi behar lukete, erronka horri erantzuna emateko.

 

Ikastetxeei dagokienez, mundu osoko ikastetxeak programazioa sartzen hasi dira ikasgeletan. Prozesu motela da, baina neska-mutilak ari dira ikasten nola funtzionatzen duen kodearen, aplikazioen eta roboten munduak. Halere, badira ezinbestekoak diren beste trebezia batzuk, makinek barneratu ezin dituztenak, besteak beste, sormena, adimen soziala edota ustekabeko arazoak konpontzeko gaitasuna. Hezkuntzaren erronka da gaitasun horiek sustatzea ikasgelan eta haurrek eurek pentsatutako galderak egin ditzatela.

 

NESTAk jaso ditu baita ere boluntariotzaren eta mobilizazio sozialaren arloko iragarpenak. Interneti esker tele-lana zabaldu bada, urruneko elkartasuna da hurrengo urratsa, modu asko baitaude etxetik atera gabe boluntario gisa kolaboratzeko. Zentzu horretan, dagoeneko badaude bideo-deien bidez funtzionatzen duten espazioak bakarrik bizi diren pertsonei laguntzeko, prestakuntza-kanalak edo ordenagailutik egin daitezkeen mikro-zereginak. Teknologia digitalei esker, mugimendu sozialak sendotuko dira esparru jakin batzuetan, esaterako osasunean, onlineko kanpainetan kolaboratzeko eta kanpaina horiek zabaltzeko tresnekin.

 

Agentzia britainiarrak eginiko 10 iragarpenen artean bestelako joerak ere badaude, adibidez, elikadura arlokoak -non bioteknologia aplikatua hedatuko baita inpaktu ekologikoa konpontzeko- eta gure datu pertsonalak hobeto kontrolatzeko zerbitzu berriak. Iragarpenak egin dituztenek diote iragarpen horien helburua ez dela etorkizuna asmatzea, baizik eta joera posibleak marraztea eztabaida sortzeko eta hartu nahi dugun norabidearen inguruan gogoeta egiteko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow