Polimaker: sormena pizten duten DIY kit-ak

22 March, 2017

Material honekin askotariko objektuak moldeatu daitezke.

The Makery laborategiak brikolaje-proiektu bat abiarazi du haurrentzat.

 

Polimaker material termoplastiko bat da, 60 gradutara berotzean plastilinaren antzeko material moldagarri bihurtzen dena minutu gutxi batzuez. Denbora horretan, edozein forma har dezake, eta gero, plastikoak giroko tenperatura berreskuratzen duenean, zurrundu egiten da. TZBZ aholkularitzak bultzatutako The Makery sormen-laborategiko lantalde batek material horren potentziala aprobetxatu du jolasaren eta brikolajearen mundura bideratutako kit-ak sortzeko.

 

“The Makery laborategian duela bi urte erabiltzen dugu material hori produktuen prototipoak egiteko eta sorkuntzarako gaitasunak sustatzeko”, azaldu du TZBZ aholkularitzako Josu Oleagak, “orain kit hauek sortzea erabaki dugu, produktuak eta esperientziak diseinatzea helburu duen negozio-ildoaren barruan”. Pack horietan ez dago plastiko moldeagarria bakarrik, horrezaz gain, badaude baita ere helburu zehatzak markatzen dituzten material didaktikoak eta helburu horiek gauzatzeko behar diren elementu guztiak.

 

Lehen kit-a haurrei zuzenduta dago, eta proposatzen die jostailuak diseinatzea eta sortzea: ziba bat, katapulta bat edota hozkailurako iman bat, adibidez. “Kritikoak gara egungo entretenimendu digitaleko joerekin, oso indibidualak iruditzen zaizkigulako” azaldu du Josu Oleagak, “proiektu honekin lortu nahi duguna da haurren sormen-gaitasuna berreskuratzea”. Materiala biodegradagarria da, eta nahi adina aldiz erabil daiteke, nahikoa baita berriro berotzea beste objektu bat sortzeko.

 

Haurrei ez eze, brikolajearen munduari ere zuzentzen zaio, non materialak aukera anitzak eskaintzen baititu, hala balio du piezak konpontzeko, tresna ergonomikoak sortzeko edota objektuak egokitzeko, adibidez, pertsona nagusientzat edo eskuetan mugikortasun arazoak dituztenentzat. Kasu bietan, The Makery laborategiko lantaldeak asmoa du material didaktikoak eta onlineko bideo tutorialak egiten jarraitzeko, erabiltzaileek sorkuntza berriak egin ditzaten.

 

Polimaker materiala ingurumen sostengarritasunaren Berdeago euskal azokan aurkeztu zen, Durangon (otsailaren 3tik 5era), eta kit-ak apiriletik aurrera jarriko dira salgai proiektuaren atarian. The Makery Bilbon kokatutako espazio publiko bat da, TZBZ berrikuntzako aholkularitzak sortua. Proiektuak hezkuntza eta ekintzailetza arloak jorratzen ditu, “eginaz ikasi” joerarekin eta diseinu-pentsamenduarekin lotutako metodologiak aplikatuz eta teknologiak erabiliz.