Material konposatuzko akatsik gabeko piezak industria aeronautikorako

23 November, 2016

Danobatgroup makina-erremintako fabrikatzailea eta IK4-IDEKO ikerketa-zentroa ZAero europar proiektuan parte hartzen ari dira

 

Industria aeronautikoak fabrikazio-prozesu eraginkorragoak, lehiakorragoak eta kutsadura murritzagokoak bilatzen ditu etengabe. Testuinguru honetan sortua da Zaero europar proiektua, karbono-zuntzezko piezen kalitatea kontrolatu eta ekoizpen-prezioak murrizteko metodo berriak garatzea helburu duen ekimena.

 

Proiektua joan den hilean abiatu zen, DanobatGroup makina-erremintako euskal fabrikatzailea, IK4-IDEKO ikerketa-zentroa eta Airbus europar aeronautika-fabrikatzailea partaide dituela, beste hainbat bazkideren artean.

 

Gaur egun, karbono-zuntzezko piezak ekoizteko, nahitaezkoa da kalitate-kontrol zorrotza egitea, X izpien, ultrasoinuen edo ikuskatze bisualen bitartez. Kalkuluen arabera, aeronautikarako gama altuko osagarrien fabrikazio-kostuen % 25 kalitatearen kudeaketarekin eta produktuaren amaierako ikuskatzearekin lotuta dago.

 

ZAero proiektuaren bidez, oraingo egoerari erantzun nahi zaio, pieza hauen fabrikazio-prozesuetan txertatutako kalitate-kontrol metodoak garatuz, zuntz lehorraren lagapena kasu.

 

“Zero akatseko fabrikazioa giltzarrizko gaia izan da beti industria aeroespazialean, segurtasunaren arloan dituen eskakizun zorrotzen eraginez. Aeronautikarako gama altuko osagaien fabrikazio-kostuen % 25 prozesuaren amaierako kalitatearen eta akatsen kudeaketari dagokio. Proiektu honen bitartez, txertatutako kalitate-kontrol sistemak garatu nahi dira karbono-zuntzezko piezak ekoizteko, baita erabakiak hartzen laguntzeko sistema bat ere”, enpresa gipuzkoarrak zabaldutako ohar baten arabera.

 

Iturriaren arabera, ZAerok garatutako metodo eta sistemei esker, 150 milioi euroko aurrezkia lortuko litzateke urtean, A320neo aparatuko hegalen konpositezko estalduren ekoizpenean aplikatuko balira.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow