Beste ekonomia batzuk etorkizun sostengarriagoa izateko

4 October, 2016

Eusko Ikaskuntzak mintegi bat antolatu zuen Euskadin sortzen ari diren alternatiba gorakorrei buruz.

 

Gero eta hedatuago daude planetarekin eta pertsonekin sostengarriak diren alternatibak proposatzen dituzten ereduak, erronka global handiei aurre egiteko: klima aldaketa, gizarteratzea edota desberdintasun ekonomikoak. Ekimen horietako batzuek –hala nola, ekonomia berdeak, urdinak edo zirkularrak- helburu nagusitzat dute baliabideei erabilpen eraginkorragoa ematea; beste batzuek, berriz, abiapuntutzat hartzen dituzte erronka sozialak, ekonomia sozial eta solidarioa edo denon ongiaren ekonomia. Orobat sortu dira egiteko modu berriak, gizarte digitalean oinarrituta daudenak, esaterako, ekonomia kolaboratiboa edo ezagutza irekia.

 

Eredu horiek hainbat elkargune dituzte, eta Euskadin ere zabaldu dira; dagoeneko hainbat proiektu daude martxan, bai hiritarren eta komunitateen artean, eta bai enpresa munduan. Irailaren 29an Eusko Ikaskuntzak Ekonomia Berriak mintegia antolatu zuen Bilbon, horrelako alternatibak partekatzeko, konexioak bilatzeko eta ekimenen potentziala esploratzeko. Eusko Ikaskuntzak Beste ekonomia bate(ta)runtz Trantsizioak txostena argitaratu du eta jardunaldiaren aurretik banatu zuen bertaratutakoen artean. Txosten horretan jasotzen diren 16 ereduek egiteko modu desberdinak proposatzen dituzte, hau da, gaur egun nagusi diren produkzio sistemez eta banaketa baliabideez bestelakoak. Bestalde, txostenean aipatzen dira Euskadin eredu horietako bakoitzari jarraiki egin diren proiektuen erreferentziak.

 

Mintegian izan ziren Euskadin dagoeneko martxan dauden hainbat ekimenetako ordezkariak. Ekonomia zirkularraren adibide bezala, gizarte- eta ingurumen-berrikuntzako Koopera kooperatibak parte hartu zuen. Erakunde horrek upclycling proiektuak dauzka martxan, zeintzuen bidez zaborretara botatako objektuak berreskuratzen baitituzte berriro produkzio-zikloan txertatzeko lehengai berri gisa. Kooperako kudeatzaile Javier Mariñok azaldu zuenez, “gizarteratzea eta laneratzea da gure misioa, eta horretarako, ekonomia sortzen dugu beste batek zaborretara bota duenarekin”.

 

Javier Goikoetxeak, Denon Ongiaren Ekonomiaren Euskadiko Elkarteko presidenteak, bere eredua aurkeztu zuen, zeinaren helburua baita dirua berriro bitarteko bihurtzea, eta ez helburu. Horretarako, “arrakasta ekonomikoaz gain, gizarte- eta ingurumen-arrakasta neurtzen duten balantzeak” egiten dituzte antolakundeetan. Bestalde, ekonomia urdinaren esparrutik, Azaro Fundazioko Esti Plazak parte hartu zuen ekitaldian, eta Lea Artibain martxan daukaten proiektua azaldu zuen. Blue Lab du izena, eta ikerlana egiten du, eskualdeko baliabideen soberakinetan oinarrituriko konponbide eta produktu berritzaileak aurkitzeko.

 

Nerea Guineak, Ouishare Euskadi erakundeko kideak, hizpide hartu zuen ekonomia kolaboratiboa eta nola aldatu duen kontsumitzeko modua; Eduardo Urturik, berriz, Goiener kasua azaldu zuen, energia berriztagarriak kontsumitzeko kooperatiba, zeinak erronka jo baitio gaur egungo sistemari “energiaren kontrola berreskuratzeko, oinarrizko baliabide den aldetik”. ESTIAko ikerlari Marion Real ere topaketan izan zen, eta Ipar Euskal Herriko ekonomia berriez mintzatu zen.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow