Osasuna eraldatzeko gai diren gazteak

7 March, 2017

Ashoka-k 16 eta 24 urte bitarteko ideia berritzailedun ekintzaile sozialak bilatzen ditu.

Making More Health deialdi bat, zeinaren helburua baita gazteek zuzendutako proiektuak bultzatzea, baldin eta erantzun berritzaile bat ematen badiete osasunarekin lotutako arazoei. Izan liteke pazienteen bizitza hobetzeko edo ohitura osasuntsuak sustatzeko ekimen bat edo, besteak beste, kolektibo zehatz baten premiei erantzuten dien proiektu bat. Garrantzitsuena da ideiak inpaktu positiboa sortzea gizartean ikuspegi berritzaile baten bidez.

Deialdia zabalik dago estatu osoan apirilaren 7ra arte, eta proiektuak lidertzat izan behar du gutxienez 16 eta 24 urte bitarteko pertsona bat. Ekimenaren atzean bi bultzatzaile nagusi daude: Ashoka nazioarteko ekintzaile sozialen sarea eta Boehringer Ingelheim enpresa farmazeutikoa. Aukeratutako bost ekimenek hazi kapitala eta prestakuntza jasoko dituzte proiektuarekin aurrera egiteko.

 

Aurtengo hau Making More Health proiektuaren bosgarren edizioa da. Iaz Bizkaiko proiektu bat izan zen hautatua, alegia, Alba Delgadok, 19 urteko bizkaitarrak aurkeztutako Hator proiektua. Ekimen horren proposamena da belaunaldi arteko sukaldaritza eskolak antolatzea, pertsona nagusiek neska-mutilei irakats diezaieten plater osasuntsuak prestatzen, balioan jarriz beren ezagutzak. 2016ko edizioan beste proiektu batzuk ere izan ziren sarituak, hala nola, gaitasun kognitiboak entrenatzeko AppZheimer aplikazioa, osasun mentaleko arazoak dituzten gazteei laguntzeko Caminem Junts programa edota Moves you easy, itsuei hirian barrena ibiltzen laguntzen dien eskumuturrekoa.

 

Aukeratutako proposamenek 500 euroko hazi kapitala jasoko dute, eta 300 euroko balioa duen laguntza-programa pertsonalizatu bat egin ahal izango dute Bridge for Billions plataformaren bitartez. Gainera, Jóvenes Changemakers nazioarteko sarean sartuko dira, eta berdinen arteko ikaskuntza prozesu bat egin ahal izango dute beste ekintzaile batzuekin batera. Parte hartu ahal izateko, lantaldeek bi pertsona izan behar dituzte gutxienez, eta ekimenak martxan egon behar du -hasierako faseetan gutxienez- lehen inpaktu-datuak aurkeztu ahal izateko.

Making More Health