Oroimena Bizigune proiektua finalista da Europako N.I.C.E. sariketan

9 September, 2016

Proiektu horren helburua da memoria kolektiboa eraikitzea dokumental parte-hartzaile baten bidez.

 

Errenteria eta Oarsoaldeko 18 eta 23 urte bitarteko bederatzi gazte izan dira Oroimena Bizigune – Habitar la Memoria proiektuko lehen partaideak. Parte-hartzaileek dokumental bat sortu zuten, horretarako hiritarren zenbait lekukotza bildu zituztelarik eskualdean jasandako indarkeriari eta giza-eskubideen urraketei buruz. Dokumentala egiteko, neska-mutilek sakelako telefonoak eta narratiba digital berriak baliatu dituzte, eta eurak arduratu dira ikus-entzunezko edukiak sortzeko prozesuaz.

 

“Prozesu berritzaile bat da, narratiba hiritarrak eraikitzea proposatzen duena, parte-hartzearen, gogoetaren eta sorkuntzaren bitartez” azaldu dute Úbiqa erakundeko arduradunek. Úbiqak bultzatu du proiektua Irusoin-ekin eta Moviltik elkartearekin batera; “asmoa da gatazkaren kontakizun kolektiboak sortzea eta memoria eraikitzea, bakearen kultura sendotzeko eta sakontzeko”. Lehen tailerra 2015eko lehen hiruhilekoan egin zen, eta dokumentala urtearen amaiera aldera aurkeztuko da Errenterian. Proiektuak hainbat erakunderen laguntza jaso du, hala nola, Errenteriako Udalarena, Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarena. Hemendik aurrera bere ibilbideari jarraituko dio, eta tailer gehiago antolatuko dira Euskadiko beste herri batzuetan.

 

Participantes del taller Oroimena Bizigune.

Oroimena Bizigune tailerreko parte-hartzaileak.

 

Oroimena Bizigune N.I.C.E. sariketako 12 proiektu finalistetako bat da, hautatua izan baita 25 herrialdetako 105 proposamenen artean. European Centre for Creative Economy erakundeak antolatutako sariketa horrek babesa ematen die erronka sozial handiei erantzuteko kulturatik eta sormenetik abiatzen diren eta konponbide desberdinak eskaintzen dituzten ekimen berritzaileei. Finalista izan da baita ere Touching el Prado, Estudios Durero euskal enpresak ONCE Fundazioarekin eta El Prado museoarekin batera garatutako proiektua. Irudiak erliebean erreproduzitzeko metodologia bat da, artelanak irisgarri izan daitezen itsuentzat.

“Bilduma bat osatu dugu El Prado museoko hainbat obraren erreprodukziorekin, ukimen bidez ezagutzeko” azaldu du Cristina Velascok, Estudios Durero enpresako proiektu arduradunak, “eta ez zaie soilik zuzentzen ikusmen ezgaitasunak dituztenei, metodologia honi esker edozein publikok uki baititzake artelanak eta beste modu batera ezagutu, esperientzian beste zentzumen bat sartuz”. Une honetan, sei piezak museoz museo dabiltza, eta azaroan iritsiko dira Donostiako San Telmo museora. Datorren urtean artelan gehiago sartuko dituzte bilduman, eta nazioarteko museoetara eramango dituzte.

 

Cuadro con relieve, Touching el Prado, de Estudios Durero.

Touching el Prado proiektua, Estudios Durero.

 

Estatuko beste proiektu batzuk ere aukeratuak izan dira N.I.C.E. sariketako finalisten artean: Villenako (Alacant) ElCASC suspertze soziokulturaleko jaialdia; LABoral Centro de Arte eta Creación Industrial erakundeek sortutako AuLAB, teknologia digitalen arloko hezkuntza proiektua (Gijón), eta Inteligencias Colectivas plataforma. Garaikurrak abuztuan banatu ziren Essen hirian egin zen Forum d’Avignon Ruhr ekitaldiaren barruan, eta Refugee Open Cities, Public Residence eta Makerversity izan ziren irabazleak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow