Nagusilan, zahartze aktibo eta solidarioa

30 November, 2016

Ekimenaren helburua da pertsona nagusien premia berriei erantzutea.

 

Gure gizarteak bizi duen zahartze demografikoak erronka eta beharrizan berriak dakarzkigu. Batetik, gero eta gehiago dira gizartean aktiboki parte hartzeko gaitasuna, denbora eta gogoa duten pertsona nagusiak. Bestetik, aldaketa demografiko eta sozialen ondorioz, asko dira eurak aukeratu gabeko bakardadean bizi diren adin handiko pertsonak.

 

Bi erronka horiei erantzutea da Nagusilan elkartearen helburua, eta horretarako, boluntario-sare bat sortu du, laguntzeko gogoa duten pertsona nagusiek beren denbora eta gogoa eskain ditzaten eta jarduerak antola ditzaten egoitzetan, eguneko zentroetan edo etxeetan. Bide horretatik, erantzuna eman nahi zaie bakarrik bizi diren pertsonen premia sozial eta afektiboei, eta lan hori oinarriko zerbitzu sozialekin eta beste erakunde batzuekin koordinatuta egiten da.

 

Nagusilan elkarteak askotariko ekintzak antolatzen ditu, hasi zentro geriatrikoetan laguntasuna ematetik eta antzezlanak, irtenaldiak edo mota guztietako tailerrak antolatzeraino. Gainera, elkarteko kideek prestakuntza programak ere bultzatzen dituzte hainbat esparrutako ikastaroekin (oinarrizkoak eta espezializatuak), boluntarioen arteko kohesioa sustatzeko. Elkarteak abian du baita ere Hilo de Plata telefono-linea, bakardade egoerei erantzuteko.

 

Nagusilan elkartea berrikuntza sozialeko proiektu bat da, bakarrik dauden pertsonen premia afektiboak asetzen dituelako, balioa emanaz pertsona nagusien denborari eta ezagutzei eta bultzada bat emanez zahartze aktiboari. Estatu Batuetako The Retired and Senior Voluntary Programme ekimenean oinarrituta dago, eta 1995ean sortu zen Donostian. Harrezkero, Araba, Bizkaia eta Nafarroara ere zabaldu da, bai eta Estatuko beste toki batzuetara, 1.200 boluntario izateraino. Proiektuak laguntza jasotzen du Eusko Jaurlaritzatik, hiru Foru Aldundietatik, ekimena abian duten herrietako udaletxeetatik eta IMSERSOtik.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow