Odolez zikindu gabeko sakelakoak

11 October, 2016

Alboan euskal GKEak “Gatazkarik Gabeko Teknologia” kanpaina dauka martxan.

 

Koltan minerala ezinbesteko bihurtu da aparatu elektroniko asko ekoizteko, hala nola, sakelako telefonoak, tabletak edo ordenagailuak. Munduko erreserben %80 Kongoko Errepublika Demokratikoko meatzeetan daude. Minerala oso garestia da, eta talde armatuek finantzatzen dituzte mineralaren erauzketa eta merkaturatze prozesuak, etengabe urratzen dituztelarik giza eskubideak.

 

2014az geroztik, Alboan euskal GKEak Gatazkarik Gabeko Teknologia kanpaina dauka martxan, zeinaren helburua baita biztanleriari eta ordezkari publikoei egoeraren larritasuna ikusaraztea. “Kanpaina horren helburua da gogoeta kolektibo bat sortzea gatazka horietan daukagun erantzukizunari buruz, lotura zuzena baitute gure garapen ereduarekin eta baliabide mineralak lortzeko egiten dugun presioarekin” azaldu du Guillermo Otanok, Alboan GKEko Azterlan eta Prestakuntza Proposamen arloko teknikariak.

 

130 antolakunde sozialek, besteak beste Alboan GKEk, presioa egiten diete beren Estatuei Europar Batasunak mineral horien merkataritza erregulatu dezan, eta lan hori hasi da jada fruituak ematen: Europako Batzordeak prozesu legegile bat hasi zuen 2014an hornikuntza-katea erregulatzeko. Asmoa zen hasieran legeria hori borondatezkoa izatea, enpresentzako gomendio bezala formulatu zelako. Presio sozialari esker, ordea, azkenean legea derrigorrezko bihurtu da giza baliabideen urraketarekin oso lotuta dauden lau mineral hauek inportatzen dituzten konpainientzat: eztainua, tungstenoa, tantalioa –koltanetik ateratzen dena- eta urrea. Aurtengo abenduan onartuko den legeria horrek eragina izango du soilik mineral gordinak edo prozesatuak inportatzen dituzten enpresen artean, eta legeria iparramerikarraren atzetik doan arren, urrats garrantzitsua da Alboan GKEaren arabera.

 

“Gaur egun darabiltzagun aparatu asko (esaterako, sakelakoa) ez lirateke egun dauzkagunak bezalakoak izango koltana, eztainua eta urrea erabili gabe” dio Guillermo Otanok, “ez dugu debekatu nahi zonalde horietatik datorren mineralen merkataritza, badakigulako hango biztanleak jarduera horretatik bizi direla; guk nahi duguna da merkataritza horren onuradun diren enpresek erantzukizunez joka dezatela”. Zentzu horretan, kanpainak gardentasun handiagoa eskatzen du bermatzeko baliabide horiek eskuratzen dituzten konpainiek erantzukizunez jokatzen dutela, hau da, ez dituztela finantzatzen gatazka armatuak, esplotaziozko baldintzak eta giza eskubideen urraketak.

 

Ordezkari publikoak ez eze, “Gatazkarik Gabeko Teknologia” kanpainak hiritarrak ere kontzientziatu nahi ditu, bereziki hezkuntza inguruneetan. Proiektuaren atarian material didaktikoak eskuratu daitezke, eta Alboan GKEak eskoletarako jarduerak ere antolatzen ditu. “Lan handia egiten dugu gai hau eskoletara eramateko; azalpenak emateaz gain, kontsumorako alternatibak eta birziklatzeko premia ere lantzen dugu” azaldu du Otanok. Hala, proiektuak beste bide bat ere jorratzen du: sakelako telefonoak jasotzen eta birziklatzen ditu Alboan GKEan dauden edukiontzien bidez edo enpresa, eskola nahiz saltokietan kokatutako kaxen bidez. Horrela, materialak berreskuratzen dira, eta diru horrekin proiektu solidarioak finantzatzen dira Kongoko Errepublika Demokratikoan.

 

Zure sakelakoak ezkutatzen duena

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow