“Merkatuak ikusizko inpaktu handia transmititzeko eskatzen die enpresei”: MIO – Make It Own diseinu-estudio gaztearekin hitz egin dugu.

6 October, 2017

Itsasne Garate eta Oihane Perez, dedikazioz eta freskotasunez beteriko bi ekintzaile gazte dira, prest daudenak zure negozioaren emaitzak hobetzeko. Lan asko egin dute beren enpresa-proiektu berria martxan jartzeko, baina, zalantzarik gabe, motibazioa eta pasioa erabakigarriak izan dira diseinu grafikoko beren estudio berria sortzeko: “MIO – Make It Own”.

Sorkuntza-zerbitzuak eskaintzen dituzte, oinarritzat harturik diseinu grafikoa, weben diseinua, brandinga edota komunikazio eta publizitate bidezko packaging-a. Laguntza ematen diete administrazio publikoei, erakundeei eta baita ere mota guztietako ekitaldi eta negozioei, hobeto komunikatzeko, dena ulerterrazago egiteko eta, aldi berean, bakoitzaren nortasuna eta funtsa sortzeko. “MIOk nahi duena da proiektu horiek mugarri bat izan daitezela bezeroentzat, marka erabat aldatzeko, hau da, asmoa da marka sortu edo eguneratzea, gainerakoengandik bereizteko”.

MIO estudioaren bereizgarriak dira kontu handiz zaintzen dituela xehetasun guztiak eta errespetu handia diola lanbideari, eta horrek argi erakusten digu geratzeko etorri direla.

 

Zuen web orrian diozue (www.makeitown.com) ura eta olioa bezalakoak zaretela, “agian horregatik elkar ulertzen dugu hain ongi, kafeak eta esneak bezala…”

Oreka da giltza. Bat ametsetan galtzen denean, besteak lurrera jaisten dizkio oinak, eta alderantziz. Nortasun desberdinak ditugu, baina ongi ulertzen dugu elkar, eta bakoitzak duen onena ematen dio proiektuari. Guretzat oso garrantzitsua da elkarren babesa izatea, eta sentitzea norbait duzula ondoan, are gehiago 21 urterekin, adin horretan ez baita oso ohikoa.

Beti jakin izan dugu zerbait egingo genuela elkarrekin, beti izan dugu lan egiteko moduari buruzko ikuspegi bera, eta horixe da MIOn egiten duguna. Asko zaintzen ditugu xehetasunak, eta eskakizun-maila horri esker, gure lan guztietan uzten dugu gure aztarna. Argitaratzen ditugun lan guztietan txertatu nahi dugu gure izatea.

Sortzaileak, exijenteak, jakinzaleak, gazteak, detallistak… Eta diseinatzaileak ere bai?

Hori da bai, guretzat diseinua ez da bakarrik estetika kontu bat, baizik eta askoz harago doan zerbait: ezagutza, komunikazioa, eta, jakina, MIOren inguruan dugun anbizio eta lan filosofia, hau da, sormena, exijentzia, jakin-mina… Funtsean, zer litzateke mundua diseinurik gabe?

Guretzat proiektuek kolaboratiboak izan behar dute, etengabe lan egiten dugu bezeroarekin, eta ez ditugu proiektuak amaitutzat jotzen bera gustura geratu arte. Harreman hurbilak gustatzen zaizkigu, konfiantza osokoak, bezero-diseinatzaile hesitik haragoko loturak sortzen dituztenak.

Diseinatzailea jaio egiten da ala egin? Noiz piztu zitzaizuen sorkuntzarako grina? Nolako prestakuntza izan zenuten?

Eta zergatik ez biak? Gure ustez, honetan lan egin nahi duenak bokazioa izan behar du, eta gero prestakuntza jaso behar du jakin-min hori errotzeko. Diseinuaren eta komunikazioaren mundua etengabe aldatzen ari da, azken nobedadeen berri izan behar dugu atzean ez gelditzeko, teknologiak egunero egiten duelako aurrera, eta eskakizun eta joera berriak sortzen direlako. Beti ari gara ikasten!

Gure kasuan, beti izan dugu barruan artearen harra; batxilergo artistikoa ikasten ari ginenean ezagutu genuen elkar, eta harrezkero elkarrekin gabiltza. Urte haietan hurbiletik ezagutu genuen diseinu grafikoa, eta hainbeste erakarri gintuen, ezen erabaki genuen horixe ikasten jarraitzea. Argitalpen Inprimatuen eta Multimedia Argitalpenen Diseinu eta Edizio zikloa egin genuen, eta Web eta Multimedia Master batekin osatu dugu gero. Gaur egun, ez dugu ikusten geure burua beste ezertan, argi daukagu honetatik bizi nahi dugula. Gustatzen zaizun horretan lan egiten baduzu, ez daukazu mugarik.

Baina… Hain garrantzitsua da diseinua enpresentzat?

Zalantzarik gabe, enpresa bat gainerakoengandik bereizten duen arrazoi garrantzitsuenetako bat da. Ez gara ohartzen zenbaterainoko indarra duen, normalean gastutzat hartzen delako, baina guztiz kontrakoa da: epe luzeko inbertsio bat da.

Diseinua ongi erabiltzen bada eta komunikazio-lan ona egiten bada, kontsumitzaileen buruan txertatzen da, eta gogoan gelditzen zaie. Diseinu grafikoa funtsezko bihurtu da, merkatuan oso antzekoak diren enpresa eta produktu mordoa baitago, horregatik, garrantzitsua da freskotasuna eta nortasun indartsua izatea. Diseinua norbere negozioaren erakusleiho handi bat da, eta ikusizko inpaktu handia lortu behar da.

Eta zergatik erabaki duzue ekintzaile izatea? Ez al zen errazagoa ordainpeko lanpostu bat bilatzea, arazoak egunero etxera eraman beharrean?

Jakina, askoz erosoagoa izango litzateke baina… Aukera errazenak al dira onenak? Ekintzailerik ez balego, lanposturik ere ez litzateke egongo. Arriskatzen ez duenak ez du irabazten, eta orain arriskatzen ez badugu, noiz egingo dugu?

MIOk aukera eman digu heldutasun intelektuala lortzeko, eta horixe da egunero ohetik altxarazten gaituen akuilua. Barneratu ditugun gaitasunak eta trebetasunak baliagarri izan dira gure hazkunde pertsonalerako. Oraindik harritu egiten gara atzera begiratu eta ikusten dugunean zenbat hazi garen urte bakar batean, bai pertsonalki eta bai lan arloan, ez baikenekien zein zaila izango zen bidea. Esango genuke gehiago ikasi dugula urte bakar honetan, prestakuntzako urte guztietan baino. Zoritxarrez gure sektorea oso gutxi baloratzen da, inork ez daki zenbat lan dagoen gure web orrian argitaratzen dugun proiektu bakoitzaren atzean: bezeroak bilatu, aurrekontuak egin, enpresa kudeatu… eskolan ez da horrelakorik irakasten.

Gainera, zaila izango da zuek baino askoz finkatuago dauden profesionalekin eta enpresekin lehiatzea…

Haiek esperientzia gehiago dute, argi dago hori, baina guk gogo handiagoa. Guk xehetasun txikiena ere zaintzen dugu, ilusioz eta motibazioz beterik gaudelako; ez dauzkagu eurek adina proiektu, horregatik, argitaratzen duguna kalitatezkoa izan dadila nahi dugu. Bukatu berri ditugun ikasketek ikuspegi global eta freskoa ematen digute, ezagutzen ditugu azken joerak eta badakigu zer eskatzen duen merkatuak une honetan.

Halere, uste dugu lankidetzak beti dakarrela inpaktu positiboa, eta uste dugu komeni dela bakoitzaren onena hartzea, zerbitzurik onena emateko. MIOk komunikazioari eta markari buruzko zerbitzu integrala eskaintzen du, beraz, kolaboratzaile asko behar ditugu: programatzaileak, eduki erredaktoreak, inprenta… Guretzat oso garrantzitsua da proiektua osatu eta sendotzen duten kolaboratzaileak hautatzea.

Ermuko Izarra Centren zaudete, laguntza bikaina, zalantzarik gabe, negozio proiektu bat hasteko

Egia esan, abantaila handia da eskura izatea Izarra Centrek eskaintzen dituen prestazioak; eraikina guztiz ekipatuta dago lehen urteak errazago izan daitezen. Bulego guztiek dituzte altzariak –norbere patrikatik egiteko inbertsio bat gutxiago- eta prezio oso lehiakorretan eskaintzen da dena. Gainera, Ermua eta Eibar omen dira Euskadiren bihotza, eta hori abantaila gehigarri bat da guretzat, kokaleku ezin hobea baita hiru probintzietako eskaerei erantzuteko.

Zein lanek eman dizue emaitza bereziki pozgarria? Zein sektoretan sentitzen zarete erosoen? Zein proiektu diseinatzea gustatuko litzaizueke?

Atsegin ditugu erronka zailak, zukua ateratzen diogulako gure sormenari eta sormen hori bezeroaren markako elementu guztietan aplikatzen dugulako. Adibidez, Donostiako “Massay Health Inspiration” osasun, edertasun eta zaintza pertsonaleko klinikarekin ari gara lanean, zeinak aukera eman baitigu enpresaren irudi grafiko osoa egiteko: logotipoa, web orria, sare sozialak, argazkiak, bideo korporatiboa, packaging-a, foiletoak, kartelak… Metrologiako tresnak eta konponbideak eskaintzen dituen “Unceta” enpresak, bestalde, aukera eman digu sormena ateratzeko bisualki hain erakargarria ez den sektore bati.

Gustatzen zaizkigu gure potentziala %100ean zukutzeko askatasuna ematen diguten proiektuak, zeren normalean bezeroak mugaren bat jartzen du, eta ez da ohikoa halako proiekturen bat lortzea. Eta izugarri gustatuko litzaiguke egunen batean jaialdi baten alderdi grafiko osoa diseinatzea.

www.makeitown.com

hola@makeitown.com