Kultura benetan irisgarri egiteko neurriak

21 December, 2016

DSS2016 ekimenak eta Elkartu Federazioak argitaratutako gidaliburuak kultur eragileentzako neurriak jasotzen ditu.

 

Ezgaitasunak dituzten pertsonak, esparru publiko zein pribatuko elkarteak eta kultur eragileak, Gipuzkoako Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea eta DSS2016 ekimena elkarrekin aritu dira lanean, eta prozesu horren emaitza da Kultur ekitaldi irisgarri eta inklusiboak diseinatzeko eta antolatzeko gida. Tresna horren asmoa da irisgarritasuna sustatzea kultur proiektu guztietan, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak jasotako premisa bat oinarritzat hartuta: “pertsona guztiok dugu eskubidea komunitateko bizitza kulturalean aktiboki parte hartzeko”.

 

Gida-liburua kultur ekitaldietako arduradunei zuzendurik dago eta bere baitan hartzen ditu prozesu osoan zehar kontuan hartu beharreko neurriak: hasi diseinutik eta komunikaziotik eta ekitaldia gauzatzeraino. Dena den, helburutzat dauka baita ere gizarte osoa kontzientziatzea, jendea ohartu dadin zein garrantzitsua den bermatzea pertsona guztiek dutela kultura jasotzeko eskubidea. Hala, argitalpenak gabezia bat beteko du, une honetan ez baitago indarreko legeriaz haragoko neurriak jasotzen dituen horrelako gida-libururik.

 

Tresna hori bi premisatan oinarritzen da: batetik, ekitaldi irisgarri eta inklusiboak dira, pertsona guztiek ahalik eta modu autonomoenean ulertu, erabili eta praktikatu ditzaketenak, eta, bestetik, ez dute ezgaitasuna lantzen asistentzialismoaren ikuspuntutik, baizik eta integrazioaren eta parte-hartze aktiboaren ikuspegitik. Hala, gida-liburuak hamar neurriko dekalogo bat jaso du, eta lehenengoa da jarrera enpatikoa izatea, aniztasunaren balioa aitortuz aberastasun eta kohesio sozialerako faktore gisa.

 

Argitalpenak hainbat ekitalditarako neurriak jaso ditu, baina ekitaldi horiek elementu komun asko dituzte. Esaterako, sarrera fisikoa bermatu behar da, espazio erreserbatuak eskaini behar dira ezgaitasun fisikoa, entzumenezkoa edo ikusizkoa dutenentzat, eta informazio ulergarria eman behar zaie premia bereziak dituztenei. Jardunbide egokien ereduak ere baditu, besteak beste, Igartubeiti museoko (Ezkio-Itsaso) soinuen paseoa; UPV/EHUk antolatutako Que mi silla no te eclipse el espectáculo, aniztasun funtzionala duten pertsonak dantzaren bidez gizarteratzeko ikastaroa; edota Jazzaldian, hondartzako eszenatokietan jarritako espazio irisgarriak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow