50etik gora hitzaldi, tailer eta ekitaldi maker kultura ospatzeko

15 November, 2016

Bilbao Maker Faire azokaren 4. edizioak teknologia sortzaileak irekiko dizkie adin guztietako parte-hartzaileei.

 

2013an, Bilbao Maker Faire azokaren lehen edizioa egin zenean –Mini formatua zuen orduan-, maker kultura iritsi berria zen Euskadira, sorkuntza proiektuak sortzeko 3D inprimagailuen eta Arduino plaken eskutik. Hiru urte geroago, maker filosofiaren goraldia bizi dugu, teknologia zaleez osatutako komunitate txiki bat izatetik iraultza bihurtzeraino, eta iraultza horrek esparru ugari eraldatu ditu: industria eta hezkuntza, moda, medikuntza edo gastronomia.

 

Azaroaren 18, 19 eta 20an horren adibide ugari ikusi ahal izango dira Bilbao Maker Faire azokaren aurtengo edizioan. Sorkuntza teknologiei buruzko azoka bat da, Open Espazioak antolatu duena Artiach Gaileta Fabrika Zaharrean. Topaketa publiko guztiei zuzendua dago, eta bi helburu ditu: batetik, horrelako teknologien potentziala erakustea, eta, bestetik, ezagutza modu ludikoan partekatzea.

 

50etik gora jarduera antolatuko dira (horien artean tailerrak, hitzaldiak, workshop-ak…), eta erakusketa-gunean aukera egongo da bertatik bertara ikusteko nola funtzionatzen duten bertako zein nazioarteko asmatzaile, artista, kolektibo, ikerketa zentro, eskola eta startupek garatutako 80 bat proiektuk. Hitzaldiak askotariko gaiei buruzkoak izango dira: maker teknologia, DIY biologia, edo 3D inprimaketa eta medikuntza, adibidez. Horrez gain, proiektu solidarioak aurkeztuko dira, adibidez Dextra, ezgaitasunak dituzten pertsonentzako kode irekiko protesi robotikoa edo Fairphone, bidezko merkataritzako sakelako telefonoa.

 

Tailerretan, berriz, adin guztietarako jarduerak egingo dira. Public Lab komunitateak irakatsiko du nola eraiki do it yourself espektometro bat; Open Espazioak workshop bat egingo du plastikoak birziklatzen dituzten makinak sortzeko, eta Cookie Lab tailerrean norbere portzelanazko pitxerra modelatzen eta inprimatzen erakutsiko dute, besteak beste. Txikientzako jarduerak ere egongo dira, hala ipurtargi lanparak eraikitzen ikasiko dute pila bat, led bat eta etengailu bat erabiliz, eta zurgintza tailer bat eta familia osoarentzako zirko eskolak ere antolatuko dira.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow