Lanaren etorkizunak plataformako ekonomian

14 February, 2017

Azterlan batek enpleguaren eraldaketarekin lotutako joerak bildu ditu.

 

Ekonomia digitalak berarekin ekarri ditu plataformako ekonomiari lotutako lan-eredu alternatiboak, eta eredu horiek lan-ekosistema aldatzen ari dira. Plataformako ekonomia kontzeptuak bere baitan hartzen ditu irabaziak lortzeko eskaintza eta eskaera elkarrekin konektatzen dituzten aplikazio, web eta plataforma digitalak; web, aplikazio eta plataforma horien erabiltzaileek batzuetan mikro-zereginak egiten dituzte, bestetan zerbitzuak eta produktuak alokatu edo saltzen dituzte edo lan profesionalak garatzen dituzte. Joera horrek dakartzan lan-patroiek ez dute ordezkatu enplegu-eredu tradizionala, baina protagonismoa hartu dute, eta diru-sarrerak lortzeko modu alternatibo bihurtu dira jende askorentzat.

 

Institute of the Future think tank-ak eta Knight Foundation fundazioak Voices of Workable Futures proiektua prestatu dute, zeinak joera berri horri lotutako etorkizun posibleak aztertzen baititu. Azterlanak etorkizun horien abantailak eta desabantailak jaso ditu, bizimodua ateratzeko plataformako ekonomia baliatzen duten pertsonen esperientzietatik abiatuta. Txostenak, bestalde, langile belaunaldi berri horretako profil desberdinak identifikatzen ditu eta etorkizunean lan munduan eragin ditzakeen aldaketak aipatzen ditu.

 

Plataforma berri horiek arrazoi desberdin askogatik erabiltzen dira. Jende askok diru-sarrera gehigarri bat eskuratzeko erabiltzen ditu, dela etxeko logela bat alokatuz, dela zeregin txikiak eginez online zein offline. Badira, ordea, enplegu mota horrekin lotutako beste profil batzuk ere, adibidez, esperientzia zabala eta maila profesional handia duten pertsonak, eta besteren kontura egiten zuten lana utzi dutenak beren zerbitzuak eskaintzeko; edo enplegu plataformetan aukera profesional berriak bilatzen dituzten freelancer langileak. Azterlanak hirugarren profil bat ere detektatu du: arrazoi pertsonalak direla medio, lan-merkatutik kanpo gelditu diren pertsonak, eta bide hori erabiltzen dutenak pixkanaka berriro lan munduan sartzeko.

 

Plataformako ekonomiak joko-arauak aldatu ditu. Aukera ematen du datozen urteetan karrera profesionalak beste bide batzuetatik eraikitzeko, rol desberdinak garatuz eta ezagutza desberdinei balioa emanaz. Ekosistema horretan, gero eta garrantzitsuagoa izango da onlineko ospea eta eskaintza eta eskaera konektatzeko sistema algoritmikoak erabiliko dira, Giza Baliabideen sailaren zereginak ordezkatuko dituztelarik.

 

Lan etorkizun posible horiek badituzte abantailak, baina baita arriskuak ere. Batetik, malgutasun handiagoa ematen dute, aukera dagoelarik lan ordutegiak premia pertsonalei egokitzeko eta hainbat motatako gaitasunei balioa emateko. Bestetik, ordea, berekin ekar dezakete lan ziurgabetasuna, etengabe lan bila ibili beharrak sortutako estresa, eta bizitza pertsonala eta profesionala bereizteko zailtasunak. Azterlanak dio eredu honen abantaila eta desabantailen balantzan faktore garrantzitsua izango dela nola eraikitzen eta erregulatzen diren lan-ekosistema berri horiek.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow