Hainbat laguntza I+G-ko proiektuentzat

13 December, 2016

SPRI Taldeak beste erakunde batzuekin batera antolatutako jardunaldi batean Eusko Jaurlaritzaren eta gobernu zentralaren laguntzak erakutsi dira. Une honetan laguntza horiek bideratzen dira ikerketa hutsa egitea barik negozioa sortzea xede duten ekimenetara.

SPRIk kudeatutako Hazitek programaren asmoa da lankidetza sustatzea nazioartean lehiatzeko eta sektore desberdinen balio kate osoak indartzea.

Bunt Planet, Ekorec eta Indumental Recycling euskal konpainiek beren kasu arrakastatsuak azaldu dituzte. Lehenengoak softwarean dihardu, bigarrenak produktu berriak sortzen ditu plastikozko botila birziklatuak erabiliz eta hirugarrenak ekipo elektriko eta elektronikoak biltzen ditu.

 

Euskal enpresek hainbat aukera dituzte beren I+G-ko proiektuetarako laguntzak jasotzeko. SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) Ihobe, Innobasque, Aclima eta CDTIrekin batera antolatutako jardunaldi batek informazioa eman die ingurumen eta eko-industria sektoreetako enpresei Eusko Jaurlaritzak eta  CDTIk I+G+B-ko proiektuak finantzatzeko eskaintzen dituzten instrumentuei eta deialdiei buruz.

 

SPRI Taldeko Berrikuntza eta Teknologia zuzendari Aitor Cobanerak ireki du jardunaldia, esanaz Eusko Jaurlaritzaren I+G-ko politika gehiago dagoela merkatura orientatuta ikerketara baino. “Bermatu nahi dugu ahalik eta I+G gehien transferitzen zaiola enpresa-sareari, lehiakortasuna hobetzen dela, nazioarteko testuinguruan kokatzen garela eta emaitzak gizarteari itzultzen zaizkiola”.

 

CDTIko (Estatuko berrikuntza agentzia) Ur, Lehengai eta Eko-industriako arduradun María José Tomásek ere esan du I+G-k merkatura iritsi behar duela, eta horregatik, bere organismoaren laguntzak negozioa sortzen duten proiektuetara bideratu direla.

 

María José Tomásek enpresa berritzaileak sortzeko Neotec programa azaldu du, zeinaren helburua baita lau urte baino gutxiagoko negozio-planak finantzatzea, baldin eta I+G bada negozio-plan horiek lehiakideengandik bereizten dituen osagarria. “Aurten bikoiztu egin da programaren aurrekontua 20 milioi euroraino, eta 400 proposamen baino gehiago jaso dira”.

 

CDTIko arduradunak Eurostars programa nabarmendu du. Programa hori I+G-n intentsiboak diren eta fakturazioaren edo plantillaren %10 ikerketara eta garapenera bideratzen duten ETEei zuzenduta dago. “Proiektu oso lehiakorrak dira, baina finantzaketa ona jasotzen dute, %60rainoko diru-laguntzak dituztelako”. María José Tomásek azpimarratu du Euskadik emaitza onak izan dituela CDTIk finantzatzen dituen programetan: 2013tik hona 525 operazio babestu dira, eta 285 milioi euro banatu dira laguntzatan.

 

SPRI Taldeko Susana Larreak Hazitek programa azaldu du, zeinaren xedea baita lankidetza sustatzea nazioartean lehiatzeko eta sektore desberdinen balio kate osoak indartzea. “Kontua ez da ikertzea ikertzeagatik, baizik eta inpaktu ekonomiko neurgarri bat sortzeko”. Esan du Eusko Jaurlaritzaren programek ikerketaren fase guztiak estaltzen dituztela, eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearekiko lankidetza sustatzen dutela.

 

Hazitek programaren barruan sartzen dira proiektu lehiakorrak deitzen direnak, hots, merkatutik hurbilen daudenak, eta baita ere estrategikoak, I+G bultzatzeko diseinatuak eta ikerketa industrialera bideratuak. Lehiakorren kasuan, proiektuaren %30erainoko diru-laguntza ez itzulgarriak ematen dira, eta estrategikoek, berriz, %40rainoko laguntza jaso dezakete.

 

Hiru euskal enpresen kasu arrakastatsuak

Jardunaldia bukatzeko, I+G-rako laguntzak jaso dituzten hiru euskal enpresen kasu arrakastatsuak aurkeztu dira. 2000. urtean sortutako software garapeneko Bunt Planet enpresako Miriam Ocañak azaldu duenez, 2013az geroztik ingurumenean eragina duten aplikazioetan zentratu dute negozioa. Hiru proiektutarako laguntzak jaso dituzte CDTItik eta Eusko Jaurlaritzatik: lainoko konputazioko proiektu bat, eta ur galerak murrizteko bi proiektu.

 

Plastikozko botilen hondakinetatik abiatuta produktu berriak egiten dituen Ekorec enpresaren (duela lau urte eta erdi sortua) zuzendari Santiago Barbak esan du bere konpainiak helburu bat jarri duela 2027rako: “gure negozioaren %70 gaur egun ez dauzkagun produktuen bidez egitea”. Ekorec batez ere fabrikazioan zentratzen da, eta elikagaientzako erretiluak eta automozio sektorerako poliester zuntza egiten ditu plastikozko botilak erabiliz.

 

Barbak hainbat xehetasun eman ditu laguntza publikoekin lanean ari diren sei I+G-ko proiektu hauei buruz: zapatetarako zuntza, lurzoruak, arrantza-sareak birziklatzea oihalak egiteko, birziklatu ezin diren erabilitako arropa zaharrak berrerabiltzea, nano-osagaiak erabiltzea materialak birziklatzeko eta filamentua erabiltzea 3D inprimagailuetan.

 

Mende hasieratik 80ko hamarkadara arte metalurgia bat izan zen eta gaur egun ekipo elektriko eta elektronikoak biltzen dituen Indumetal Recycling enpresako Dorleta Guardek esan du “bateria bat edo entxufe bat duen edozer jasotzen dugu”, “horrelako materialen %35 baino gutxiagori aplikatzen zaio kudeaketa egokia Europan”. “Guretzat berritzea da enpresan eta ibilbide luzeko prozesu batean emaitza ukigarriak sortzea. Gaur egun, hamabost urte barru aplikatuko diren birziklapen motak aztertzen ari gara”.

 

Indumental Recycling enpresak Estatuko eta nazioarteko 30 bat I+G proiektutan parte hartu du. “Tantaloa berreskuratu izana da azkenaldian izan dugun kasu arrakastatsuetako bat; material hori proportzio txikitan agertzen da, eta teknologia berri bat garatu behar da eskuratzeko. SPRIri aurkeztu genion Tecnaliarekin batera, eta dagoeneko onartu du proiektua”.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow