Euskal enpresak eta Giza Eskubideen defentsa

25 January, 2017

Gernika Gogoratuz ekimenak Ekonomiari eta Bakeari buruzko jardunaldiak antolatu ditu.

 

Hona hemen Bakearen Ekonomia jardunaldian aztertuko diren gai batzuk: nazioartekotzea eta giza eskubideak errespetatzea, Erantzukizun Sozial Korporatiboak duen inpaktua edota enpresa-eredu berrien bilaketa. Gernika Gogoratuz Fundazioak antolatu du topaketa, eta Bilboko Bizkaia Aretoan egingo da urtarrilaren 30 eta 31n.

 

Ekitaldi horren helburua da eztabaida-gune bat sortzea enpresa, eragile sozial eta erakunde publikoentzat, hausnartu dezaten nola egin dezakegun aurrera bakearen ekonomiaranzko bidean. Jardunaldiak bi saiotan banatuko dira; lehenak ikuspegi kontzeptualagoa izango du, bigarrenak, berriz, euskal enpresekin eta haien nazioartekotzearekin lotutako proposamenak aztertuko ditu.

 

Urtarrilaren 30eko saioan “Ekonomia politikotik bakearen ekonomiara, prozesu kolektiboak eta pentsamendu alternatiboa” hitzaldia eskainiko da, UPV/EHUko Nazioarteko Ekonomiako Alfonso Dubois irakaslearen eskutik. Ondoren, gizartearekiko sostengarriagoak diren eredu ekonomikoen alde lanean diharduten eragile zenbaitek aurkezpen laburrak egingo dituzte.

 

Bigarren egunean euskal enpresak eta giza eskubideak izango dira ardatz. Jardunaldi honen helburua da elkarrizketarako espazio horizontal bat sortzea, sektore pribatuko nahiz erakunde publikoetako, esparru akademikoko eta gizarte zibileko ordezkariek parte har dezaten. Topaketaren ardatz nagusia Erantzukizun Sozial Korporatiboa izango da. Asmoa da bere funtzioa birplanteatzea eta proposamenak aztertzea, giza eskubideen defentsan aurrera egiteko enpresen ikuspegitik.

 

Urtarrilaren 31n topaketan parte hartuko dute Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortegak eta Gernika Gogoratuz Fundazioko Jokin Alberdik. Orobat parte hartuko dute, besteak beste, Isaac Ruizek (Gamesa), Juan Hernández Zubieta (UPV/EHU) eta Antonio Vives (Stanfordeko Unibertsitatea) irakasleek eta Erantzukizun Sozial Korporatiboaren Behatokiko Orencio Vázquezek.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow