Europako laguntzak, aukera paregabea euskal startupentzat

3 February, 2017

BIC Araba zentroak antolatutako jardunaldi batean azaldu da nola sartu ETE Tresna programan. Programa horrek 2,5 milioirainoko diru-laguntzak eskaintzen ditu proiektuko.

 

Euskal startupek aukera paregabea dute beren negozioak garatzeko Europako Batzordearen laguntzekin. ETE Tresna izeneko ekimena da, eta Horizontea 2020 programaren barnean dago, hots, ikerketa, berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzeko munduko inbertsio programa publiko handienaren barnean. Europako Batzordeak 75.000 milioi euro ditu programa hori  2014-2020 epean gauzatzeko. Diru hori erabiliko da berrikuntza prozesuetako etapa guztiak finantzatzeko, hasi oinarrizko ikerketatik eta produktua merkaturatu arte. ETE Tresnak 2,5 milioi eurorainoko diru-laguntzak ematen ditu berrikuntza proiektu bakoitzarentzat, arlo teknologikoetakoak izan ala ez.

 

BIC Arabak (ekintzailetza berritzaile eta teknologikoari laguntzeko zentro publikoa, SPRI Taldea duena bazkide nagusia) antolatutako jardunaldi batean hainbat bide azaldu dira, Euskadiko startupek arestian esandako laguntzak eskuratu ditzaten. Maitane Txabarrik, BIC Araba zentroko kideak eta Europako Batzorderako proiektu ebaluatzaileak, azaldu du hiru fase igaro behar direla diru-laguntzak eskuratzeko: enpresen bideragarritasuna aztertzea, merkatuko aplikazioa eta merkatuan arrakastaz sartzea.

 

Laguntza horiek 2014an hasi ziren ematen hamabi gai desberdinetan, hala nola IKTak, bio-teknologia, nekazaritza, energia edo ingurumena. Proiektuak aurkezteko lehen fasean, hots, bideragarritasun fasean, 50.000 euroko laguntza ematen da sei hilabeterako, eta laguntzak negozio plan bat dauka barnean. Bigarren fasea, merkatuko aplikazioarena, erakargarriena da, milioi bat eta 2,5 milioi euro bitarteko laguntzak ematen baitira, proiektuaren %70eraino. Negozio planaz gain, merkatura iristeko zorian dagoen produktu bat ere izan behar du enpresak. Hirugarren fasea merkaturatze fasea da, baina ez du finantzaketarik.

 

Maitane Txabarrik esan duenez, “proiektuetan gehien baloratzen dena da Europako eta mundu mailako gizartean izan dezakeen inpaktua. Badira hogei bat balorazio irizpide, esaterako patenteren bat urratzen ari den ala ez”. Ebaluatzaileak azpimarratu du bidalitako proposamenetan argi adierazi behar dela zeintzuk izango diren erabiltzaileak, bezeroak, eta lehiakide zuzenak eta zeharkakoak, baina, era berean, “kontuan hartu behar dira merkatuan sartzeko dauden hesiak, eta horiek nola gainditu”.

 

ETE Tresna programako laguntzak zabalik daude urte osoan. Txabarrik esan du programa exigentea dela. 2014az geroztik 20.500 proposamen aurkeztu dira lehen fasera, eta 1.700 baino ez dira onartu (%8a). Bigarren fasean, berriz, 9.000 proposamenetatik 600 proiektuk baino ez dute jaso finantzaketa (%6,7ak).

 

David Monterok, BIC Araba zentroko zuzendari eta proiektu horien ebaluatzaileak, esan du Europan 1.400 ebaluatzaile daudela guztira, eta Europako Batzordeak “[etorkizunean] mundu mailako lider izango diren enpresak bilatzen dituela”. Mundu mailako lehiaketa bat da, eta proiektu oso landuak aurkezten dira”.

 

Monterok esan du pentsa litekeela laguntza horiek gehiago zuzentzen zaizkiela ETEei startupei baino, baina errealitateak kontrakoa erakusten duela. “Startupez bete da. EBk finantzatzen duenaren erdia 10 langiletik beherako enpresei zuzentzen zaie, eta enpresen %60k milioi bat euro baino gutxiago fakturatzen dute. Aukera paregabea da startupentzat”.

 

David Monterok azpimarratu duenez, Europako Batzordearen asmoa da aurkeztutako proiektu horiek “negozio handi bat izan daitezela, eta egokiak erabiltzaile askoren arazo bat konpontzeko”. Orobat esan du onuradunen %90 programara lehen aldiz aurkezten diren ETEak direla.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow