Adimen ezgaitasuna gizarte-ongizatearen iturri

5 December, 2016

Har-Eman ekimenak gizarteratze-jardunbide egokiak sustatzen ditu tokiko ingurunean.

 

Har-Eman elkartea 2014an sortu zen Gasteizen, helburu zehatz batekin: ekintzak sustatzea balioan jartzeko ezgaitasunak dituzten pertsonek gizarteari eman diezazkioketen onurak. Ez da laguntza emateko erakunde bat, bere helburua baita ezgaitasuna duten eta ez duten pertsonei baldintza berdinak eskainiko dizkieten topalekuak bultzatzea ingurune sozialetan, hezkuntzan, lanean eta aisialdian.

 

Har-Eman Elkartearen manifestuak dioen bezala, “ezgaitasuna duten pertsonak kohesio soziala sortzen duten kolektibo bat dira”. Ideia hori abiapuntutzat harturik, elkarteak espazioak sortzen ditu, halako pertsonak gizarteratzeko aniztasun sozialaren parte diren aldetik, eta tresna teknologikoak nahiz gizarte-berrikuntzakoak baliatzen ditu horretarako.

 

Printzipio horiei jarraiki, hainbat proiektu bultzatu ditu, besteak beste, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur-etxeko Irakurketa Erraza. Han, gaitasun desberdinak dituzten hainbat lagunek irakurketa talde bat sortu zuten 2015-2016 ikasturtean; ekimen horren barruan, asteroko saioak egiten dira irakurtzeko eta partekatutako istorioez eztabaidatzeko. Iparralde Zentro Zibikoaren eta Helios Zentro Okupazionalaren arteko lankidetzako proiektu pilotu bat ere jarri da martxan, boluntariotzako bide berriak irekitzeko eta jarduera okupazionalak egiteko ezgaitasuna duten pertsonentzat.

 

Ekintza ildo horren barnean, urte hasieran lehen pilotua egin zen, zentro zibikoko Ludotekan. Har-Eman elkarteko kideek hainbat saio egin zituzten begiraleen laguntzaile gisa, prestakuntza eta laguntza prozesu bat iragan ondoren. Esperientzia horrek balioa eman zien beren gaitasunei, eta gainera, ludotekako neska-mutilak modu normalizatuan eta aurreiritzirik gabe hurbildu ziren ezgaitasun intelektualera.

 

Gaur egun, elkartea “Elkargunea” izeneko aplikazio mugikorra diseinatzen ari da, non teknologia digitalak erabiliko baitira jabekuntzarako eta gizarteratzeko tresna gisa. Ezgaitasuna duten pertsonak ere aktiboki parte hartzen ari dira prozesuan, aplikazioak beren premia eta nahiei erantzun behar dielako. Tresna horren bidez txateatzeko aukera izango dute, kultur, kirol edo aisialdi jarduerak proposatu ahalko dituzte, eta ekitaldietan izena eman ere bai. Har-Eman elkarteak datorren urtearen erdialdean merkaturatu nahi du aplikazio hori.

 

Zer da Har-Eman?

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow