Europako Batzordeak erraztasunak emango ditu kultur arloko ETEak finantzatzeko

13 September, 2016

121 milioi euroko berme tresna bat abiarazi da.

 

Kultura eta sorkuntza sektoreak Europako BPGaren %4,2 inguru dira, eta 7 milioitik gora lanpostu sortzen dituzte. Hala ere, esparru horretako enpresek sarritan zailtasunak izaten dituzte finantzaketa eskuratzeko. Horregatik, Europako Batzordeak eta Inbertsioen Europako Funtsak abian jarri dute kultura eta sorkuntza sektoreetarako berme tresna bat, finantza bitartekarien konfiantza ahalbidetzeko.

 

Europa Creativa programaren bidez, EBk 121 milioi euro bideratu ditu datozen 6 urteetarako. Diru kopuru horrek bitartekarientzako –bankuak, finantza erakundeak edo inbertsio funtsak- berme gisa funtzionatuko du eta, aurreikuspenen arabera, 600 milioi inguru eskainiko dira mailegutan eta bestelako finantza produktuetan. Gainera, planak doako prestakuntza prozesu bat eskainiko du hautatutako bitartekarientzat, hobeto uler ditzaten kultura eta sorkuntza sektoreetako premia espezifikoak.

 

Programa Europa osoko mikroenpresa eta ETEei zuzentzen zaie, zehazki, kulturaren eta arte edo sorkuntza adierazpenen esparruan lan egiten dutenei, kontuan hartu gabe merkatura orientatuta dauden ala ez. Marko horretan sektore ugari sartzen dira, besteak beste, ikus-entzunezkoak, musika, literatura, arkitektura, liburutegi eta museoak, diseinua, arte eszenikoak edota ikusizko arteak. Espero da enpresek urtearen amaieran eskatuko dizkietela finantzazko laguntzak herrialde bakoitzerako aukeratutako bitartekariei.

 

Berme tresna hori Europako Inbertsio Funtsak kudeatuko du Europako Batzordearen izenean, eta bera arduratuko da finantza bitartekariak aukeratzeaz. Tresna berri honen helburua da kultura eta sorkuntza arloetako enpresen finantza gaitasuna indartzea, eta sektore horietan hainbesteko irismena izango duen lehenengoa da.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow