Kalea Eginez, auzoa birpentsatzeko laborategia

14 September, 2016

Topaketa horrek elkarrekin nahasten ditu prestakuntza eta parte-hartzea, Bilbo Zaharrerako hobekuntzak asmatzeko.

 

Kalea Eginez laborategi hiritarra Bilbo Zaharreko eragile sozio-kulturalei zuzendutako topaketa batzuk dira, auzoa hobetzeko sortu direnak. Hiru saio izango dira, eta parte-hartzaileek aukera izango dute hirigintzarekin lotutako esperientziak eta eredu alternatiboak partekatzeko eta inguruko premiak sakonago aztertzeko.

 

Topaketa horiek Urbanbat hirigintza eta berrikuntza sozialeko jaialdiaren barruan antolatu dira, baina prozesu parte-hartzaile zabalago baten parte dira. Une honetan martxan dago Bilbo Zaharreko Plan Komunitarioa egiteko prozesua. Udalak bultzatutako tresna bat da, auzo-elkarteekin eta eragile sozialekin batera auzoaren etorkizuna definitzeko. Goi-aldeko Auzoetako Taldeen Koordinakundea proposamen multzo bat egiten ari da, eta Kalea Eginez laborategia aprobetxatuko du horiek guztiak bateratzeko eta estrategia kolektiboak garatzeko.

 

“Antzemandako hirigintza-premiak sakonduko ditugu laborategiaren bidez”, azaldu du Urbanbat jaialdiko Gorka Rodríguezek, “denak egituratuko ditugu, eta proposamen forma emango diegu plan komunitarioan sartzeko”. Hona hemen landuko diren gai batzuk: kalearen maskulinizazioa, espazio publikoaren erabilera eta aniztasunari eman beharreko arreta

 

Laborategiaren lehen fasea prestakuntzan oinarrituko da; hitzaldiak eskainiko dira eta tokiko proiektuak elkarrekin bateratuko dira. Lehen moduluan Trantsizioko Lurraldeak eta hirigintza hiritarra landuko dira, Red de Transición sareko Ana Huertasen eta CivicWise komunitateko Domenico di Sienaren eskutik. Bigarren topaketan David Gonzálezek parte hartuko du, permakulturan oinarritutako proiektu sostengarriak diseinatzen dituen Sustraiak Habitat Design kooperatibako kideak. Azkenik, hirugarren saioan parte-hartzaileek ildo estrategiko bat zehaztuko dute, antzemandako premiak eta partekatutako ezagutzak kontuan hartuta. Asteburu horretan, esku-hartze bat diseinatuko da espazio publikorako. “Eskura ditugun tresnetatik abiatuta, esku-hartze baten prototipoa diseinatuko dugu, zeinak hirigintzako hobekuntza bat proposatuko baitu auzorako” azaldu du Gorka Rodríguezek.

 

Urbanbat jaialdia urrian eta azaroan egingo da Bilbon, Zaramari elkarteak sustaturik. Aurtengo egitaraua Trantsiziozko Lurraldeak gaiaren inguruan egituratuko da, eta bere baitan hartzen ditu hitzaldiak, hirian barrena eginiko ibilbideak, tailerrak, mahai-inguruak eta ikus-entzunezko proiekzioak. Jaialdiak beste hainbat erakunderen laguntza du, besteak beste, hauena: Colaborabora, Civersity, Goi-aldeko Auzoetako Taldeen Koordinakundea, Bilbao Ekintza, Bizkaiko Foru Aldundia eta EHU-Kultura. Kalea Eginez laborategia Human Cities plataforma europarraren barnean kokatzen da, eta bere helburua da ekimen hiritarrak eta kulturalak elkar konektatzea eta babestea, gizakien eskalan eginiko hiri-lurraldeak lortzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow